Zumaiako Herri Lasterketan izena eman daiteke dagoeneko

Baleike 2020ko urt. 22a, 16:03

Otsailaren 15ean jokatuko da lasterketa. Izena aurrez internet bidez eman ahal izango dela jakinarazi dute.

Otsailaren bigarren asteburuan jokatuko da Zumaiako XXXVI. Herri Lasterketa. Urtero bezala, bi ibilbide izango dituzte aukeran parte hartzaileek: 5,6 kilometrokoa, bata; eta 10,2koa, bestea. Izen-emateak 11 eta 13 euro balio ditu, hurrenez hurren.

Proba nagusi horietarako aurrez herrikrosa.eus webgunearen bidez inskribatu ahal izango dira lasterkariak, Zumaiako Udalak jakinarazi duenez. Egunean bertan ere izango dute horretarako aukera, prezio altuagoan –13 eta 15 euroan–. 

Ohiko sariez gain, herriko ostalariek eskainitako bazkari eta afariak zozkatuko dituzte korrikalari guztien artean. 

Haurrak ere korrika
Lasterketa nagusiak jokatu aurretik, etxeko txikienek izango dute korrika egiteko aukera. Hain zuzen ere, 16:45ean hasita, haur eta gaztetxoen lasterketak izango dira. Aurrebenjaminek eta benjaminek 300 metro egingo dituzte korrika; alebinek, 1000 metro, eta infantil eta kadeteek, 2000. Gainontzeko ediziotan ez bezala, haurrek ez dute helduen laguntzarik beharko, boluntario talde batek gidatuko baitu hauen lasterketa. 

Lasterketa guztiak, haurrenak nahiz helduenak, Beheko plazan hasi eta bukatuko dira. Kirol ekitaldiarekin amaitzeko sari banaketa 18:30ean egingo dute.