Kontzientziak pizteko lanketa egin dute herriko ikasleek, Gazte On programaren barruan

Baleike 2020ko urt. 22a, 14:30

Gaur aurkeztu dute lanketa Zumaiako bi ikastetxeetako ikasle eta irakasleek, udaletxeko pleno aretoan.

Zumaienako eta Herri Eskolako zenbait ikasle eta irakasle udaletxeko pleno aretoan bildu dira gaur goizean, Alex Oliden Zumaiako Udaleko ingurumen zinegotziarekin batera. Hala, Gazte On programaren barruan egindako lanketa aurkeztu dute bi ikastetxetako ikasleek.

Ingurunearen eta ingurumenaren zaintzaren inguruko bi gai eraman dituzte karteletara.  Txakurren gorotzaren inguruan herrian dagoen arazoari heldu diete, alde batetik. Era horretan, txakurren jabeek beren txakurrengan duten ardura azpimarratu nahi izan dute ikasleek. Zure maskota, zure ardura edota Hain zaila al da txakur kakak jasotzea? bezalako mezuen bidez zuzendu zaizkie txakurren jabeei ikasleak.  Ikasleek sortutako kartel guztien artean, bi hautatu ditu Zumaiako Udalak herriko kaleetan jartzeko.

Honakoak izan dira hautatutako kartelen egileak: Herri Eskolako DBH 1 mailako Libe eta Izaro, alde batetik; eta Zumaiena ikastetxeko DBH 3 mailako Nerea, Ekhi eta Goiatz. Herriko hainbat lekutan jarriko dira aipatutako bi kartel horiek, txakur jabeengan eremuaren zaintzak duen garrantziaz ohartarazteko. 

Itsasoa ere garbi
Bestetik, plastikoak itsasoan sortzen duen kaltea ere islatu nahi izan dute. Itsasoan arrastorik ez bideoaren bitartez, hondartzak garbi mantentzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. DBH 1 mailako ikasleek sortu dute bideoa.

Gazte On programa Zumaiako udal gobernuak 2018ko aurrekontuen barruan sortutako ekimena da, eta helburua da Zumaiena eta Herri Eskola ikastetxeen eta Zumaiako Udalaren arteko elkarlanaren bitartez, gazteak ingurumenarekin eta naturarekin sentsibilizatzea eta auzolanetan inplikatzea eta, aldi berean, gazte horiei beren helburuak eta ekimenak aurrera eramateko pizgarriak eskaintzea. Programa honen barruan, gazteei laguntza eman nahi zaie, halaber, beren etorkizuna irudikatzeko. Kartel guztiak eta bideoa ikusgai daude Zumaiako Udalaren webgune ofizialean, zumaia.eus helbidean.