Mendizaleen topagunea

Juan Luis Romatet 2020ko urt. 21a, 10:31

1973. urtean sortu zuten Zumaian Indamendi Mendi Bazkuna. Beste jarduera batzuen artean, mendi irteerak antolatu dituzte ordutik. Ia mende erdi betetzera doazenean, ekintza berriak probatzeko gogotsu daude.

Eguzkipean, laino artean galduta edo euri zaparradek blaituta, elurretan ez denean. Eguraldi mota guztiekin asetu dute beren zaletasuna Indamendi Mendi Bazkunako kideek. Hemendik urte gutxira mende erdia beteko du Zumaiako mendi elkarteak, eta sortu zen unean bezain abenturazale jarraitzen du, gauza berriak probatzeko gogotsu.

Asteazkenetan biltzen dira elkarteko zuzendaritzako kideak Bidasoa kalean duten egoitzan. Kazetaria bisitan izango zutenaren jakitun, artxibategian bila aritu dira eta, besteak beste, 1992an Perdido mendira egindako irteeraren argazkia berreskuratu dute. Igoera hartan parte hartu zuten mendizale guztiek sinatutako irudia da. Ez hori bakarrik: elkartea sortu zen urteko aktak biltzen dituen liburuxka ere aurkitu dute.

Indamendiren lau hamarkada luze hauetako eta, baita ere, Zumaiako mendizaletasunaren historia diren lagunen izenak agertzen dira eskuz idatzitako orri horietan. “Joakin Zubeldia, Agustin Esnal, Simon Idigoras, Jose Miguel Aramendi, Antxon Aldalur…”, irakurri du Lore Esnal elkarteko lehendakariak. Zerrenda luzeagoa da, eta Zumaian aski ezagunak diren izen-abizenak agertzen dira bertan.

1973. urtean sortu zuten Indamendi bazkuna. “Oñatiko Aloña Mendiren eredua jarraitu zuten, eta elkartea sortu zuten une beretik hasi ziren irteerak antolatzen. Umeekin mendi irteerak egitea da akta hauetan jasotzen den lehen gaia”, azaldu du Esnalek. Esan eta egin. Antolatutako lehen irteera Pagoetara izan zen. “Goizeko 08:20ko trenean joan ziren, eta txartelaren prezioa aurretik kobratu zuten”, kontatu du lehendakariak, liburuxkako orriak banan-banan pasatzen dituen bitartean. Hasiera-hasieratik mendizale bakoitzaren argazkia zeraman karneta zeukatela du gogoan Mertxe Irureta mendizale beteranoak, eta haurrek ere halakoxea zutela. “Behin Askizura joan ginen, eta hantxe atera genizkien argazkiak umeei, elizako hormaren aurrean, txapela jantzita”.

Haurrekin lanean
Haurren artean mendizaletasuna sustatzea izan da Indamendiren helburuetako bat urte hauetan guztietan. Hala, haurrentzako mendi irteerak antolatu dituzte, eskola kirola ekimenaren barruan. “Garai desberdinetan sustatu dugu umeen parte hartzea, eta orain ere horretan ari gara. Haurren artean mendizaletasuna galtzear zegoela ikusi genuen, eta eskola kirolaren barruan mendi irteerak antolatzeko ardura hartu dugu, horrek dakarren kostu ekonomikoarekin”, azaldu du Joni Urbieta zuzendaritzako kideak. Denbora horretan haurren parte hartzeak gorabeherak izan dituela dio Urbietak, baina azken irteeretan haurren parte hartzea handia izan dela ere azpimarratu du. “Haur batzuei helduen irteeretan parte hartzea ere proposatu genien, eta arrakasta izan genuen. Horrez gain, Hernio mendira haurrekin joateko egitasmoa ere berreskuratu dugu; utzita zegoen, eta berriro antolatzen hasi gara”, azaldu dute zuendaritzako lagunek. 

“Bataz beste, 27 lagunek parte hartzen dute irteera hauetan. Jende gutxien bildu ginen txangoan 20 lagun izango ginen, eta izan dira 35 bat kide elkartu garen irteerak ere”

Txangoetan izaten den mendizale multzoarekin gustura dago elkarteko zuzendaritza. “Bataz beste, 27 lagunek parte hartzen dute irteera hauetan. Jende gutxien bildu ginen txangoan 20 lagun izango ginen, eta izan dira 35 bat kide elkartu garen irteerak ere”, nabarmendu du Lore Esnalek. Bestalde, gaztetxoen irteeretan autobusa betetzen dela ere azaldu du. “Egindako apustua ondo atera zaigu, eta aurten ere hala izatea espero dugu”.

Jarraitzaile zintzoak
“Jarraitzaile leialak” ere badituztela diote Indamendi Mendi Bazkunako kideek. “Horiei berdin die zer eguraldi egiten duen. Iaz, irteera batean euria egin zuen hasieratik bukaeraraino, eta 40-45 bat lagun elkartu ginen”.

Ekitaldi horietan aritzen diren mendizaleen adinari dagokionez, nerabeen eta gazteen falta nabari dute. “Haurrak eta helduak izaten ditugu txango horietan, baina gazteak ez dira animatzen. Badakigu mendira joaten direla, baina beren kabuz egiten dituzte irteerak. Dena dela, batzuk etortzen zaizkigu elurretan ibiltzeko materialaren bila”, dio Urbietak.

Datu esanguratsu bat ere eman du: “Zumaian 250 federatu daude. Horiei federatuta egon gabe mendira joaten diren herritarrak gehitzen badizkiegu, ikusten da errotuta dagoela mendizaletasuna Zumaian”.

Urtarriletik abendura bitartean antolatzen ditu Indamendik mendi irteerak. Uda garaian geldialdia egiten dute, uztailean eta abuztuan, sanpedrotako txangoaren ondoren. Urtaroaren arabera, goiz bueltek edo egun osoko irteerek osatzen dute Indamendiko eskaintza. Horiez gain, irteera luzeagoak ere egiten dituzte Aste Santuan, sanpedrotan eta urrian. Aurtengo Aste Santuan esaterako, apirilaren 9tik 13ra bitartean, Extremadurara (Espainia) joango dira, Jerteko haranera. Sanpedrotan, berriz, Pirinioetarako bidea hartuko dute, eta urrian, 10etik 12ra, Leon eta Asturias artean dagoen Redes ezagutzeko bidaia egingo dute zumaiarrek.

Bidaia luzeetara “beste mota bateko jendea” joaten dela aitortu dute elkarteko kideek. “Hala, mota desberdinetako irteerekin mendizale guztien zaletasuna asetzen saiatzen gara”, dio Urbietak. “Aurten, gainera, larunbatetan ere irteerak antolatzen hasiko gara, batzuek hala eskatuta”, gaineratu du.

“Aurten, gainera, larunbatetan ere irteerak antolatzen hasiko gara, batzuek hala eskatuta”

Txangoen inguruko informazioa elkartearen indamendi.eus webgunean dago eskuragarri. “Informazio osatua eta zehatza ematen dugu webgunean, mendizale batzuk, agian, ez direlako gai irteera jakin batzuk egiteko”. Mendian lehen urratsak eman nahi dituztenei eskola kiroleko irteeraren batean edo goiz bueltaren batean parte hartzeko gomendatu diete Indamenditik. “Ematen dugun informazioarekin norberak erabaki dezake irteera egokia den edo ez. Horregatik, inor ez da geratu ibilbidea bukatu ezinik”, diote.