Hazilan programaren 9. edizioa abiatuko da urtarrilaren 27an

Baleike 2020ko urt. 20a, 12:40
HAZILAN ekimenean talde dinamikak lantzen

Eskualdeko enpresek, langabeek edo lana hobetu nahi dutenek urtarrilaren 24ra arte dute izena emateko epea. Partaideek enpresatan praktikak egiteko aukera izango dute besteak beste.

Urola Kostako Udal Elkarteak HAZILAN ekimenaren bederatzigarren deialdia abiatu du. Eskualdeko enpresek, langabeek, nahiz lana hobetu nahi dutenek urtarrilaren 24ra arte dute izena emateko aukera. Ekimena urtarrilaren 27an hasiko da.
Edizio honetan ere, prestakuntza eskaintza indartzeko apustua egin dutela adierazi dute. Egitasmoa eskualdeko 20-44 urte bitarteko pertsonei bideratuta dago eta goi mailako ikasketak izatea beharrezkoa da. Partaide hauek enpresatan praktikaldi bat burutzeko aukera izango dute.

Programa hiru ataletan banatuko da. Lehenik, bizipen-prestakuntza pertsonalizatua eta integralaren bitartez zeharkako konpetentziak landuko dira. Ondoren, praktikaldiari ekin aurretik, parte hartzaileek prestakuntza teknikoa jasoko dute sarean norberaren marketina egitearen inguruan.
Amaitzeko, beti ere norberaren lan-profilaren arabera, eskualdeko enpresaren batean 200 orduko praktikaldia egiteko aukera izango dute.

Argibideak eta izen-ematea

Izena emateko orria eskura dago Udal Elkartearen egoitza elektronikoan. Tramitazio elektronikoa egin ezin dutenek, egoitza elektronikoan dokumentua deskargatu, bete eta Udal Elkarteko egoitzara bertaratu beharko dute. Informazio gehiago hemen eskura daiteke, edo telefonoz 943-89 08 08 zenbakira deituta, nahiz hazilan@urolakosta.eus helbidera idatzita. Vanessa Garcia da teknikari arduraduna.