Herri Eskolako Aita Mari eraikineko jolastokia berrituko dute datozen hilabeteetan

Baleike 2020ko urt. 18a, 10:20

Datorren astean abiatuko dituzte lanak. Udalak jakinarazi duenez, 441.000 euroko inbertsioa egingo du Aita Mariko jolas eremua naturalizatzeko lanetan.

Datorren asteartean abiatuko dituzte Herri Eskolako Aita Mari eraikineko jolastokia berritzeko lanak. Bost hilabeteren buruan amaituta eta erabilgarri egotea espero dute, ekainaren hirugarren asterako, alegia. K1 Ekopaisaia enpresak egingo ditu eraikuntza lanak, eta obraren zuzendaritza udal teknikarien ardura izango da. Udalak jakinarazi duenez, 441.000 euroko inbertsioa egingo du jolas eremua naturalizatzeko.

Lanak bi fasetan egingo dituzte, eta horren arabera zehaztuko dituzte sarrera eta irteera eremuak. Herri Eskolak arautuko du hori, eta behar bezala adieraziko dituzte jarraibide guztiak. Segurtasun neurriak eta jarraibideak errespetatzeko eskatu dute Zumaiako Udalak eta Herri Eskolak. 

Espazioa naturalizatu nahi dute eraberritze lanen bitartez. Lurrak, belarrak eta hainbat material naturalek osatuko dute jolastoki berria. Guztira, 360 metro koadroko eremu estalia izango du. 

Proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, “taldeko jolasa, haurren arteko negoziazioa edota irudimena bultzatzen dituzten elementuek osatuko dute jolas eremu berria. Horiek jolastu eta esperimentatzeko aukera bikaina emango dute”. Era berean, nabarmendu dute halako espazioek “onura kognitibo, emozional eta fisikoak” dakartzatela haurrentzat eta hezkuntza komunitate osoarentzat.

Hezkuntza publikoa heziketa eredu berrietara egokitu nahi dute Udalak eta Herri Eskolak, gaur egungo behar eta irizpideetara egokituz. Era horretan, haurrek ingurune naturalarekin duten harremana indartu nahi dute.