Helburu desberdinekin heldu dira Zumaiakoko taldeak denboraldi erdira

Baleike 2020ko urt. 16a, 16:30

Gizonezkoen erregional mailako taldea sailkapeneko goiko postuetatik hurbil dago. Emakumezkoen taldeak, aldiz, liga amaitzerako jaitsiera postuak ekiditzea izango du helburu.

Irailean hasi zuten futbol denboraldia Zumaiako Futbol Taldeko gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeek. Hamabost jardunaldi jokatu ondoren, erregional preferente mailako gizonezkoen taldea sailkapeneko lehen postuetatik gertu dago, nahiz eta igoerako borroka urrun samar duen une honetan; emakumezkoen taldea, aldiz, jaitsierako postuetatik hurbil dago.

Gorengoen mailako mutilak kategoriako bigarren multzoan ari dira jokatzen, eta 25 punturekin bosgarren postuan aurkitzen dira sailkapenean denboraldi erdia jokatu ondoren. Azken hiru norgehiagokak irabazi dituzte, hirurak ere 3-1 emaitzarekin, Ander Trebiño eta Javi Pinilla entrenatzaileen gidaritzapean.

Emaitza onenak etxean lortu ditu gizonezkoen taldeak, Aita Mari futbol zelaian, alegia. Izan ere, etxean jokatutako zazpi partidetatik lau garaipen erdietsi dituzte, bi berdinketa eta porrot bakarrarekin. Etxean jokoan izan diren 21 puntuetatik, 14 irabazi bildu dituzte. Golei dagokienez, 33 gol sartu dituzte Zumaiako jokalariek, eta 23 jaso.

Liga irabazten duen taldea zuzenean igoko da hurrengo ligara eta bigarren gelditzen den taldeak igoerako kanporaketak jokatu behar izango ditu. Zaila izango du Zumaiakok igoerako borroka horretan sartzea. Lider den Beasainek 37 puntu ditu, gorriek baino hamabi gehiago, eta bigarren eta hirugarren postuan dauden Azpeitiko Lagun Onakek eta Aloña Mendik 34, kostaldekoek baino bederatzi puntu gehiago. Billabona du Zumaiakok justu aurretik, laugarren postuan, 28 punturekin.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako taldearen egoera oso bestelakoa da. Hamabost jardunaldi jokatu ondoren, eta bigarren itzulia dagoeneko hasita, zortzi puntu besterik ez ditu batu eta 12. postuan dago sailkapenean.

Zumaiakoko emakumeek azken lau norgehiagokak galdu dituzte; abenduaren 1ean lortu zuten azken garaipena, 11. jardunaldian, Zarautzi 0-4 emaitzarekin irabazi zioten partidan.

Gizonezkoek ez bezala, neskek kanpoan lortu dituzte emaitza onenak: taldeak une honetan dituen zortzi puntuetatik zazpi etxetik kanpo bildu dituzte, bi garaipen eta berdinketa bati esker. Guztira, 23 gol sartu dituzte eta 41 jaso.

Ligan hamalau taldek hartzen dute parte eta azkenengo biak jaitsiko dira mailaz. Zumaiakok lau puntuko aldea ateratzen dio sailkapenean azkenaurreko den Zarautzi –lau puntu dituzte horiek–. Azken postuan, berriz, Goierri Gorri taldea dago, puntu bakarrarekin.