Urte berria, opari berriak bazkideen artean zozkatzeko

Baleike 2020ko urt. 15a, 17:52

Bazkideen artean opariak zozkatzen hasi ginen orain urte eta erdi Baleikeko bazkideen artean, eta erantzuna itzela izan da. Jatorduak, talasoterapia saioak, fisioterapia tratamenduak, liburuak eta diskoak, edo kontzertu eta antzezlanetarako sarrerak zozkatu ditugu denbora honetan. Urte berria opari berriekin dator. 

Hala, urtarriletik aurrera Juanjo Larrañaga harategiak emandako produktuak zozkatuko ditugu hilero Baleikeko bazkideen artean. Aste honetan bertan bi lagunentzako arkume errea zozkatuko dugu. Aurrez prestatutako jakia da, eta berotzea besterik ez dute beharko zortedunek. Hemen eman daiteke izena zozketa honetan parte hartzeko. Bihar bazkalondoren aterako dugu saridunaren izena, beraz, ez utzi denbora pasatzen!

Izango dira berrikuntza gehiago zozketa hauetan. Hala, Sastarrain baserri eskolak emandako bi lagunentzako zaldi ibilaldia zozkatuko dugu hilero. Zarauzko Photomuseuma bisitatzeko bi sarrera ere zozkatuko ditugu hilero Baleikeko bazkideen artean. 

Horiez gain, dagoeneko ohikoak diren opariak irabazteko aukera ere izango dute Baleikeko bazkideek: Zumaiako Udaleko kultura sailak antolatutako emanaldietarako sarrerak, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango diren kontzertuetarako sarrerak, Aita Mari jatetxeak hilero ematen duen bi lagunentzako jatorduak, Talai talasoterapia hoteleko talasoterapia zirkuitua, eta abar luze bat. Eskaintza berritzen joango gara hilera. Beraz, adi egon!