Algorri Interpretazio Zentroak 2019an izandako datuen berri eman du Zumaiako Udalak. Bisitari kopuruari dagokionez, % 3ko hazkundea izan du; zehazki, 18.904 izan dira bisitariak. Bosgarren urtez eutsi dio goranzko joerari bisitari kopuruak, eta guztira, 2014tik 2019ra, % 97,3ko igoera izan du. Zentroa zabaldu zenetik izandako bisitari kopuruaren berri ere eman dute: 165.522 izan dira Algorri ezagutu dutenak.
2019ko bisita horien % 59a eskaintza didaktikoari dagokio. Talde bisitak izan dira % 12a, eta bakarkako bisitariak gainontzeko % 29a.
Bisitari kopuruaren hazkuntzaz gain, bestelako urratsak ere eman dituzte Algorri Interpretazio Zentroko langileek. Konpromisoa Kalitate Turistikoarekin agiria berritzeaz gain, didaktika esperimentalari buruzko formakuntza saioak jaso dituzte.
Lantaldearen konpromisoaren adierazletzat hartu dute irakasleek bisita gidatuak 10 puntutatik 9,4 puntuko bataz bestekoarekin baloratu izana.