Kalean da urtarrileko Baleike aldizkaria

Baleike 2020ko urt. 14a, 15:12

Aste honetan zehar jasoko dute bazkideek etxean. Bazkide ez direnek, aldiz, ohiko saltokietan aurkitu ahal izango dute.

Julen Garcia musikariak hartu du urtarrileko Baleike aldizkariko azala: hip hopaz eta argitaratu berri duen Lo mío pa tí diskoaz aritu da Garcia. Aspaldidanik gogoko du hip hopa, eta jazzarekin, soularekin edota r'n'b erritmoekin nahastu du bakarkako lehen disko honetan. 

Puntanoetako lur eremuen inguruan ere aritu gara. Puntanoeta II lursailean egin beharreko etxebizitza promozioak bere horretan jarraitzen du; proiektuaren exekuzioan zein oztopo dauden eta lurren kutsadurak zein eragin izan dezakeen aztertu du Oier Zeberiok erreportajean. 

Erretratuaren atalera, aldiz, Jon Garcia soinu teknikaria ekarri dugu. Ofizioaren inguruan aritu da Garcia: zuzenekoetan, telebistako programetan zein estudioetan egin du lan azken urteotan; hala ere, zuzenekoetan aritzea du maiteen: "Taldeak transmititu nahi duen hori transmititzen laguntzea da nire lana". 

Irune Aranguren Barragan izan da protagonista aldizkari honetako Hitz tantak atalean. Psikologia sistemikoan sinesten du Arangurenek, eta Zarautzen kontsulta eduki arren, Death Cafe saioak antolatzen ditu Kabi tabernan. 

Hau guztia eta gehiago, urtarrileko Baleike aldizkarian.