Ken Loachen azken lanarekin hasiko da ostegunean zine forumeko neguko zikloa

Juan Luis Romatet 2020ko urt. 14a, 11:14

Cannesko eta Veneziako jaialdietako sari nagusiak jaso dituzten Parasitos eta Joker eskainiko ditu, besteak beste. Ken Loachen azken lana emango dute ostegunean.

Ostegunean hasiko du Ostarrena zinema klubak neguko hiruhileko filmen eskaintza. Martxoaren 27ra bitartean mundu mailako zinema jaialdietan aurkeztu dituzten sei lan emango ditu, eta horien artean izango dira azken hilabeteotako bi film entzutetsuenetakoak: Parasitos hegokorearra, eta Joker estatubatuarra. Sari ugari jaso dituen El hoyo zientzia fikziozko film euskalduna ere emango du Ostarrenak Zumaian. Ken Loach britainiarraren azken lanarekin hasiko da zikloa, Sorry we missed you dramarekin, hain zuzen ere. Saioak ostegunetan izango dira, hamabostean behin, Aita Mari aretoan, 22:00etan hasita.

Iaz bete zuen Zumaiako zinema klubak lehen mende laurdena, eta taldekideek aitortu zuten ia ohartu ere ez zirela egin pasatutako urte horiez guztiez. 1990eko hamarkada hasiera hartan sona handia izan zuen Delicatessen film frantziarrarekin hasi zuten 25 urte bete dituen abentura. Ordutik, asko aldatu da zinema, baita pelikulak ikusteko moduak eta aukerak ere. Netflix edo HBO bezalako plataforma digitalekin ikusleek ez dute etxetik mugitu beharrik ere. “Orain, tabletetan edo eskuko telefonoetan ikusten dituzte filmak, eta hori ez da ikusteko modua. Pelikulak ikusteko modurik onena zinema bera da: ilunpetan, pantaila handian, sakelako telefonoa itzalduta”, azaldu du Cruz Mari Mantzisidor Ostarrenako lehendakariak.

Saritutako lanak

Hala, hainbat jatorritako sei film emango ditu Ostarrenak neguko hiruhilekoan. Hain zuzen ere, Erresuma Batuko, Euskal Herriko, Hego Koreako, Galiziako, Suitzako eta Estatu Batuetako film bana aukeratu ditu ziklo honetarako.

80 urtetik gora dituen Ken Loach zuzendari britainiarrak beti bezain kritiko jarraitzen du. Bidegabekerien biktimak izango dira Loachen pelikula gehienetako protagonistak, eta ostegunean emango duten Sorry we missed you lanean ere hala gertatzen da. Zinemagile beteranoak kapitalismoaren miseriak ekarri ditu pantailara iaz Cannesko jaialdian aurkeztutako film horretan.

Euskal Herrian egindako zientzia fikziozko pelikula bat ikusteko aukera ere izango da Aita Mari aretoan. Galder Gaztelu-Urrutia bilbotarraren lehen film luzea, El hoyo, Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuten, eta Midnight madness izeneko publikoaren saria irabazi zuen. Sitgesko jaialdian jasotako sari kopurua, berriz, oparoagoa izan zen. Izan ere, pelikula onenaren, zuzendari berri onenaren, efektu berezien eta publikoaren sariak jaso zituen.

Oliver Laxe zuzendari galiziarraren azken lana –O que arde– ere Cannesen aurkeztu zuten, baita sari bat eskuratu ere. Un Certain Regard sailean epaileen saria jaso zuen Galizian izaten diren suteen inguruko dramak.

Sariei dagokienez, Oscarretarako borrokan izango dira Zumaian emango diren beste bi lan: nazioarteko film onenaren saria jasotzeko faboritoa da Parasitos; eta Joker filmari dagokionez, Joaquin Phoenixek aktore onenaren saria ziurtatua du, ezustekorik ez bada, behintzat.

Pelikulak

  • Urtarrilak 16, osteguna: Sorry we missed you. Zuz.: Ken Loach (Erresuma Batua, 2019).
  • Urtarrilak 30, osteguna: El hoyo. Zuz.: Galder Gaztelu-Urrutia (Euskal Herria, 2019).
  • Otsailak 13, osteguna: Parasitos. Zuz.: Bong Joon-ho (Hego Korea, 2019).
  • Otsailak 27, osteguna: O que arde. Zuz.: Oliver Laxe (Galizia, 2019).
  • Martxoak 12, osteguna: #Placer femenino. Zuz.: Barbara Miller (Suitza, 2018).
  • Martxoak 26, osteguna: Joker. Zuz.: Todd Phillips (Estatu Batuak, 2019)