Kale izendegia berrikusi eta eguneratu du Zumaiako Udalak

Baleike 2020ko urt. 13a, 17:00

Zumaiako Udalak kale izendegia berrikusi eta zuzendu du 2019an, mapa toponimiko berria lantzearekin batera. Horretarako, Euskaltzaindiaren aholkularitza jaso du. 

Aurrez, udalbatzak aho batez onartu zuen kale izendegia eguneratzea. Bilkura berean Ardantzabideko 31 eta 35 zenbaki arteko etxeei Ardantza Auzoa izena ematea erabaki zuten, eta, era berean, Artadi auzoan egin den kale berriari Elizalde Kalea izena ematea ere erabaki zuten. 

Abenduan aurkeztu zuten jendaurrean mapa toponimiko berria. Etxeetan banatu ondoren, helbideak eguneratu dituzte erroldan. Aurrerantzean, izen hauek erabiltzeko eskatu diete herritarrei zein erakundeei. Izena gehien aldatu den atarietan oharrak ere jarriko dituzte, eta plakak ere eguneratuko dituzte pixkanaka. 

Kale izendegiaren aldaketa guztiak Zumaiako Udalaren webgunean kontsulta daitezke.