Jabetze Eskolak doako bi ikastaro eskainiko ditu ekainera bitartean

Baleike 2020ko urt. 12a, 18:51

Autoestima eta autozainketari buruzkoa da ikastaroetako bat, eta tratu onei eta erotismoari buruzkoa, bestea. Aurreneko ikastarorako beharrezkoa da izena ematea urtarrilaren 21a baino lehen.

Emakumeon* Etxearen eskutik, Jabetze Eskolak bi ikastaro antolatu ditu 2020ko lehen seihilekorako. Doakoak izango dira bi jarduerak.

Batetik, autoestima eta autozainketa landuko dute, Pepa Bojo adituaren eskutik. Saioak gaztelaniaz izango dira, eta parte hartzeko beharrezkoa izango da izena urtarrilaren 21a baino lehen ematea.

Ikastaro hori astelehenetan eskainiko dute urtarrilaren 27tik martxoaren 16ra arte. Ordutegia zehaztuta dago (18:00etatik 20:00etara), baina tokiaren berri ez dute eman oraingoz.

Bigarren ikastaroa tratu onei eta erotismoari buruzkoa izango da, eta Harremanitz elkarteak eskainiko du. Aurreneko saiorako ez da izenik eman beharko, baina gainerako hiru saioetan parte hartu ahal izateko, apirilaren 22a baino lehen eman beharko da izena.

Ikastaroa lau saiok osatuko dute. Esan bezala, aurrenekorako ez da beharrezkoa izenik ematea. Martxoaren 11n egingo dute Alu-ulu izeneko antzerki foroa. Hurrengo hiru saioak apirilaren 29an, maiatzaren 13an eta ekainaren 10ean izango dira, aurrez izena eman duten emakumeentzat.

Izen ematea bide hauen bidez egin daiteke:  helbidera idatzita, 943 11 05 34 telefonora deituta eta Emakumeon* Etxea elkartearen bulegoan bertan (Zumaiako Gizarte Zentroa -Hogarra-, 1. pisua; astearte, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 20:00etara).