Kadete mutiletan erraz gailendu dira zumaiarrak bateletako lehen jardunaldian

Baleike 2020ko urt. 12a, 10:30
Artxiboko irudian, zumaiarrak bateletan

Hamalau segundoko aldearekin nagusitu dira zumaiarrak Martutenen hasi den 2020ko Gipuzkoako Batel Ligan. Zumaia D ontziak lortu du garaipen hori. Infantil mutilek eta promesa neskek ere lan txukuna egin dute. Jubenil mutilak, berriz, lehiatik kanpora utzi dituzte.

Emaitza onekin itzuli ziren atzo arratsaldean Martutenetik (Donostia) Zumaiako arraunlariak. Hantxe hasi zen 2020ko Gipuzkoako Batel Txapelketa, eta zumaiarrak zortzi ontzirekin joanak ziren ia kategoria guztietan parte hartzeko asmoz.

Kadete mutilak ibili ziren finen, eta garaipenarekin etxeratu dira. Erraz nagusitu ziren, hamalau segundoko aldea atera baitzieten bigarrenei. Zumaia D ontziak lortu zuen lehen postu hori. A ontzia bosgarrena izan zen, eta B ontzia zazpigarrena.

Infantil mutilek ere lan bikaina egin zuten, eta bi segundogatik ez zioten irabazi San Juani.

Promesa neskak ere ederki, hirugarren tokian sailkatuta Zumaia A taldea, San Juanen eta Tolosaldearen atzetik. Sei segundoko tartean helmugaratu ziren hiru ontziak. Zumaia B 11. izan zen.

Jubenil mutilak, kanporatuak

Atzoko pena handiena, absolutuetan jubenil mutilak lehiatik kanporatu izana da. Antza, patroiak ez zuen txalekoa jantzi, eta hamasei urtera artekoek derrigorra dute hori. Patroi horrek hamalau urte dituenez, taldea kanporatu egin zuten.

EMAITZA GUZTIAK ikusgai hemen.