Arte eszenikoen eskaintza oparoa izango da Zumaian apirilera bitartean

Baleike 2020ko urt. 9a, 15:28
‘Roman eta Julieta’ antzezlaneko une bat. (Argazkia: Borobil konpainia)

Gutxienez hamar antzezlan izango dira datozen hilabeteetan Zumaiako aretoetan. Igandean hasiko da denboraldia, Glu glu konpainiaren ‘Mari Errauskin’ obrarekin.

Urtea hastearekin batera, apirilera arteko antzerki denboraldiaren berri eman du Zumaiako Udaleko Kultura Sailak. Arte eszenikoen eskaintza oparoa izango da datozen hilabeteetan; guztira, adin tarte ezberdinei zuzendutako 10 antzezlan izango baitira Zumaiako aretoetan.

Urtero Zumaian geldialdia egiten duen Glu glu konpainiak eskainiko du lehenbizikoa. Kontakizun klasikoak egokitzen ditu Galder Perezek, eta lan horien bitartez, mezu eguneratuak eskainiko dizkie etxeko txikienei Mari Errauskin obrak. Interpretazioei garai bateko musikak lagunduko die: "Gurasoen gustokoa izan ohi da, Abba eta Queen, kasu", dio Miriam Romatet udaleko Kultura teknikariak.

Beste hiru antzezlanez gozatzeko aukera izango dute haurrek. Atx Teatroaren Kaskarot ikuskizunak beldurrak eta lehenengo harremanen lotsak landuko ditu. Pinocchio antzezlanak, aldiz, formatu familiar baten bidez kontatuko ditu egurrezko panpin klasikoaren ibilerak. Azkenik, ametsen eta irudimenaren unibertsora salto egingo dute Hai la pescadora de sueños antzezlanarekin. Giramagic konpainia kataluniarrak eskainiko du, apirilean.

Emanaldi horiez gain, Inauterietan Pirritx,  Porrotx eta Marimototsek eskaintzen duten ikuskizuna ere izango da. Pailazoek Bizidantza ikuskizuna taularatuko dute aurtengoan. Hain zuzen ere, bi emanaldi eskainiko dituzte, Zumaienako aretoan. 

Helduek ere askotariko arte eszenikoez gozatu ahal izango dute. Borobil konpainiak haurrei zuzendutako lanak egin izan baditu ere, helduei zuzenduko zaizkie oraingoan:  familia batek aitona zaintzeko emakume atzerritarra kontratatuko du; bien arteko maitasun istorioa izango du oinarri Roman eta Julieta lanak. 

Basatiaren Mintzoa ikuskizuna, gainontzekoak ez bezala, Oxford aretoan taularatuko dute Miren Arresek eta Olatz Landak. Ikuskizun berezia izango da, bibolinaz lagunduta, helduentzako ipuinak eskainiko baitituzte.

Artedramak, Axut!-ek eta Dejabu Panpin Laborategiak elkarlanean sortutako Zaldi Urdina entzutetsuak ere Zumaian geldialdia egingo du otsailean. Tabuak hautsi, eta isilpean den heroinaren gaiari argia emango diote Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatziriko obran. 

Herriko sortzaileei ere tokia egin izan nahi diote. Maite Aizpurua Olaizolak Euskal Antzerki Topaketetan estreinatutako Erresistentzia arazo fisikoa da obrak Aita Mari aretoan lur hartuko du martxoan. Abiaduraren inguruko hausnarketa bat eginez ekin eta, korrika egiteko makina batekin topatu zen orduan. Makina harekin lanean hasi  eta hainbat gai jorratu ditu. 

Txalo produkzioak-en Ene Ba! antzezlana, aldiz, apirilean izango da Zumaian. Guraso izatear dauden bikotea familia arteko afari batera joango da, eta haurraren izenaren inguruan hitz egiten hastean sortuko den endredua kontatuko du obrak.

Antzezlanak

Urtarrilak 12, igandea
12:00-16:30. Mari Errauskin haur antzerkia, Glu glu konpainiaren eskutik, Aita Marin. 

Urtarrilak 17, ostirala
22:00. Roman eta Julieta, Borobil teatroak eskainita, Aita Marin. 

Otsailak 9,  igandea
12:00. Kaskarot, Atx Teatroaren eskutik, Aita Marin. 

Otsailak 13, osteguna
19:00. Basatiaren Mintzoa helduei eskainitako ipuin musikatuak, Maite Arresek eta Olatz Landak zuzenduta, Oxford aretoan.

Otsailak 14, ostirala
22:00. Zaldi Urdina antzezlana, Artedrama, Axut! eta Dejabu Panpin Laborategiaren eskutik, Aita Marin. 

Otsailak 24, astelehena
15:00-17:30. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Bizidantza ikuskizuna, Zumaienako aretoan.

Martxoak 6, ostirala
22:00. Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana, Maite Aizpurua Olaizolaren eskutik, Aita Marin.

Martxoak 29, igandea
12:00. Pinocchio antzezlana, Gorakadak eskainita, Aita Marin.

Apirilak 3, ostirala
22:00. Ene ba! antzezlana, Txalo produkzioen eskutik, Aita Marin.

Apirilak 5, igandea
12:00. Hai la pescadora de sueños antzezlana, Giramagic-ek eskainita, Aita Marin.