Igandean Zumaian jokatuko dute Olaizola II.a-Urrutikoetxeak eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.ak

Baleike 2020ko urt. 9a, 12:20

Eskuz binakako pilota txapelketako partida izango da, eta aurrez beste partida bat jokatuko da. Udal zinegotziek erabaki dute herritarren artean zozkatzea antolatzaileek eurei emandako 15 sarrerak. Ostiralera arte eman daiteke izena zozketan.

Igande honetan, urtarrilak 12, jokatuko da binakako txapelketa profesionaleko partida Aitzuri pilotalekuan, arratsaldeko 17:00etan. Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.a bikoteek elkarren aurka jokatuko dute. Aurrez, Agirre-Eskiroz eta Arteaga II.a-Urretabizkaia bikoteen arteko lehia egongo da.

Sarrerak salgai daude sarean 25-30 eurotan (kudeaketa gastuak gehitu behar zaizkio prezioari) eta partidaren egunean ere Aitzuriko leihatilan eskuratzeko aukera egongo da, prezio berean (kudeaketa gasturik gabe).

Sarrerak zozkatuko dituzte

Bestalde, partidaren antolatzaileek udal ordezkariei eskainitako 15 sarrerak herritarren esku jartzea erabaki dute udal agintariek. Hori, zozketa bidez egingo dute. Herritarrek kiroldegian eman beharko dute izena parte hartzeko. Zozketa ostiralean egingo da, arratsaldeko 19:00etan, eta ordura arte parte hartzeko aukera dago.