Otsailaren 2an jokatuko dute Zumaiako IX. Txakurkrosa

Baleike 2020ko urt. 6a, 17:25

Urtero bezala, Victoriano Arrate etorbidean hasi eta bukatuko da, zirkuitua Basustagainean osatu ondoren. Dagoeneko zabalik dago izena ematea.

Otsaileko lehen igandean jokatuko duten Zumaikoa txakurkros probaren bederatzigarren edizioa, hilaren 2an, 11:00etan hasita. Ohi bezala, Alai auzategian kokatuko dute lasterketaren irteera eta helmuga, Victoriano Arrate etorbidean, eta zirkuitua Basustagainean atonduko dute. Parte hartzaileek 8.300 metroko ibilbidea osatu beharko dute. Lehian hasi aurretik, ordea, albaitaritza kontrola gainditu beharko dute 09:00etatik 10:30era.

Izenak Herrikrosa.eus webgunean eman daitezke, federatuek 15  euro ordainduz eta federatu gabeek 18 euro. Egunean bertan 09:00etatik 10:00etara bitartean eman ahal izango dira, baina kasu horretan 20 euro ordaindu beharko dute federatuek eta 23 euro federatu gabeek. Dortsalak lasterketako egunean banatuko dituzte Victoriano Arrate Etorbidean, 09:00etatik 10:30era.

Helduen txakurkrosaren ondoren, haurrentzako saioak egingo dituzte. Haurrek txakurrekin korrika egiteko aukera izango dute 12:00etatik aurrera. Izena unean bertan beharko da, euro baten truke. Sari banaketa ekitaldia 12:30ean egingo dute, eta lehen hiru emakumezkoentzat eta gizonezkoentzat ez ezik, gazteentzat, nagusientzat eta beterano A eta B mailakoentzat sariak izango dira.