Orduan bai

Gure harrobiak

Imanol Azkue Ibarbia 2020ko urt. 6a, 10:35
Flores edo Proesko harri gorri ederra bistan, erakusketarako bezala

“Zestoako harrobia, hau dek hau erokeria, ama natura apurtu, herriaren hilobia”, abesten zuten Lin Ton Taun zestoarrek, Osinbeltzeko harrobia gogoan. Geuk ez daukagu hainbestekorik, baina inork gutxik abestu badie ere, eduki, eduki genituen harrobiak Zumaian.

Harrobirik ez dago martxan gaur egun gurean edo inguruan, baina antzina bazeuden, eta ez gutxi, gainera. Garai batean, ohikoa zen harriak erabiltzea etxeak eraikitzeko, horma sendoak egiteko, bideko zuloak tapatzeko, betelanak egiteko…, eta materiala kanteretatik ateratzen zuten, hasieran kolpeka, aurrerago dinamitarekin, haitza bistan zegoen lekuetatik. Harrobi batzuk, gainera, udal lurretan zeuden, eta herritarrek baimena eskatzen zuten harria ateratzeko: 1782an, “Este Ayuntamiento dio licencia a dicho Don Vicente de Echazarreta para que pueda arrancar piedra en el encinal de Ardanza, sin daño de las Encinas”[1]; beste aipamen hau, berriz, Andremarialdean kutsakorren ospitalea egin behar zutenekoa da, 1894koa: “que por el mismo Sr. Mugica se ha manifestado que no tiene seguridad completa de que salga buena piedra en edificación en los terrenos de desmonte donde se ha de edificar, por lo que se podría arrancar en la parte izquierda del camino a Arridoquieta”[2], eta hau ere bai inguru hari buruzkoa, 1911koa: “instancia suscripta por D. José Vicente Aizpurua, vecino de esta villa (...) por la que solicita el terreno hueco que deja la cantera existente entre la casa de Amasenecoa [Goikotorrearen ondoan] y el hospital de contagiosos, sito en Arritoquieta”[3].

Artadirako errepidea harrobi izandakoaren ondotik abiatzen da gora.

Harrobi handienak Flores baserriaren oinetan zeuden, Santiago aldera eta Basusta aldera, Conde Del Vallerenak, eta harri gorri hark izena ere bazeukan: “proeskoa”. Horrela, 1800eko agiri batean, Manuel Sarasola lur neurtzaileak Basadizarra neurtu zuela eta, harrobi bat aipatzen da: “havia medido con toda escrupulosidad la porcion de las Baltzas [balsas, hau da, basadiak] y juncales que acaban de cerrarse desde Usurbiribillaga hasta el parejo de las canteras de Torreaga”[4]; beste aipamen hau, berriz, Iberduerok Basadiberrian estazioa egin behar zuenekoa, 1948an: “le es de todo punto necesario de cierto número de metros de piedra de mampostería, que, hasta la fecha, ha ido extrayendo de una cantera sita en los terrenos del Conde del Valle (...), pero habiendo llegado la obra al punto de elevación necesita de piedra de calidad superior a la usada hasta ahora, y teniendo conocimiento que el Ayuntamiento posee en el lugar denominado San Telmo de un terreno pedregal de piedra de superior calidad”[5]. Hain zuzen ere, San Telmo aldean, Larretxon, gaur egun Flysch hotela eta Aizgain etxea dauden lekuan, Nicolas Odriozola Txintxuak harrobia zeukan XX. mendearen hasieran, baina inguruko bizilagunak ez zeuden oso konforme, 1919an: “solicitando la prohibición y si no la reglamentación de la explotación de la cantera de arranque de piedra que posee D. Nicolás Odriozola, a pocos metros de las casas de la calle de San Telmo”[6]. Beste harrobi bat, ikusteko ez hain erraza, Inpernupekoa zen, eta hango harria erabili zuten Paolaldeko lanak eta ibaiko eskoilera egiteko; adibidez, mataderia berrian (Algorri interpretazio zentroan), 1905ean: “De la instancia suscripta por Don Manuel Azurmendi, encargado de las obras de construcción del nuevo Matadero por la que expone, desea utilizar parte de la piedra existente en el punto denominado ‘Infernupe’ para la construcción de las paredes del citado matadero“[7]; eta eskoileran, 1940an: “un escrito de Ereño y Compañía contratistas de las obras de escollerado de la margen derecha del Río Urola por el que se solicita la extracción de piedra de la cantera denominada Infernupe, el tendido de una línea de energía eléctrica para el montaje de grúas para la extracción de la citada piedra y el de una vía sobre terrenos del común para la conducción de la citada piedra al embarcadero de la ría”[8]; hain zuzen ere, azken lan horretarako trena ere jarri zuten (ederki azaltzen du nola, marrazki eta guzti, Rafael Del Pilarrek[9]).

Larretxon, Aizgain etxea harri gainean dago eraikita, eta harrobian  baratzea jartri zuten gero (gaur egun Flysch hotela dago gainean).

Bazeuden beste harrobi batzuk Karakas, Basakarte eta Arteaga baserrien ondoan, baina hango harria zeregin berezi baterako zen: litografiarako, hau da, kareharriaren gainean grabatzeko eta inprentan erabiltzeko. XIX. mendearen amaieran, Karakasko erriberan martxan egon zen harria zerratzeko fabrika, eta haren paretaren arrastoak desagertu bazaizkigu ere, izenak oraindik ere irauten du: Fabrikazarra.

Harrobia izandakoaren arrastoak Karakasko erriberen ondoan.

Herritik urrunduz gero, hor dauzkagu harrobien beste arrasto batzuk Itziar aldera igotzean, eta Agoten, Ibañarrietan… Horietatik, hiraulika, karea edo porlana egiteko harria ateratzen zuten, eta hurre zeuden fabrikak: Narrondon, Beduan, Agoten, Arroabean…

Getarian, berriz, Kanpaiagoko eta Bizkarragako harrobiak zeuzkaten, eta horien izenak sarritan azaltzen zaizkigu Zumaiako herri lanetan, baita harrien balorazioa ere, herri lan baterako kontratazioan, 1913an: “Y como quiera que la piedra de la cantera de Campayaga aunque algo mejor en calidad resulta cara comparada con la de Biscarraga que es casi igual (…) se desecha la proposición de D. José María Goicoechea por los malos resultados que da la piedra del mar que ofrece en su proposición”[10].

Azkenik, baziren beste harrobi batzuk harraldean, Zumaia eta Deba artean, Itsasperen pare horretan: galtzada harrienak. Harriari lauki forma emanda, gabarretan ekartzen zuten Zumaiako portura, eta hango harriekin estali zituzten Zumaiako kaleak. Hauxe horren froga, 1900ekoa: “De la instancia de Don Manuel Aizpurua, rematante del adoquín necesario para la reconstrucción de las calles de esta población, por la que expone , que si bien tiene preparada en los depósitos de las canteras la piedra necesaria para dar cumplimiento a su compromiso, no ha podido conducir a éste hasta la fecha, más que una pequeña cantidad de la misma, por el mar estado de la mar”[11]. 1923an, Debako Florencio Lamiquisek baimena eskatu zion Udalari moilan adokina deskargatzeko. Galtzada harrien harrobiak eta industria hori ederki azaltzen ditu Javier Carballok[12].

Arronamendi parean zeuden harraldean harrobiak.

Harrobietatik ateratako harriekin eraikin ederrak egin ziren gurean. Baina horietaz hitz egingo dugu hurrengo batean…

 

[1] Zumaiako Udal Artxiboa 69 (130), 1782-01-20.

[2] ZUA 2826 (17), 1894-07-28.

[3] ZUA 325(90), 1911.

[4] Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa 2/2172, 16. or., 1800-03-13.

[5] ZUA 347 (31), 1948.

[6] ZUA 332 (296V-297V), 1919.

[7] ZUA 2831 (267V), 1905-10-12.

[8] ZUA 343 (136), 1940.

[9] Arrangoleta 1945-1951 Memorias de un barrio, 239. or.

[10] ZUA 2836 (122V), 1913-01-30.

[11] ZUA 2829 (9), 1900-05-31.

[12] Zumaia eta olagarroa liburua, 135. or.