Erretratua

Marraz marra trazatutako bidea

Julen Aperribai 2020ko urt. 2a, 08:39

Marrazkigintza ogibide bihurtu zuten Irene Iruretak eta Karmele Gorroñok, duela hiru urte. Beraien ekimenetik nahiz beste artista batzuekin kolaboratuz, hamaika proiektu garatu dituzte ordutik. Durangoko Azokan eskuragai izango dira horietako hiru.

Oinarrizko legea urratu, eta elkar ukitzera iritsi diren bi marra paraleloren istorioa dirudi Irene Irureta eta Karmele Gorroño ilustratzaileenak. Ukitu baino, korapilatu ere egin dira bien bideak, unibertsitatean elkar ezagutu zutenetik hona. Arte Ederretako lizentziaturan ezagutu zuten elkar, eta, urte batzuetan nork bere bidetik jarraitu ondoren, Irrimarra sormen bikotea eratu zuten 2016an, eta hala egin zuten profesionalizaziorako saltoa.

“Modu ludikoan” hasi ziren elkarrekin marrazten, gogora dakartenez: “Oso eroso aritzen ginen elkarrekin lanean, eta, pixkanaka, unibertsitateko lanak ere elkarrekin egiten hasi ginen”. Behin lizentziatura amaituta, nork bere bidetik jarraitu zuen, baina inoiz ez zioten utzi elkarrekin marrazteari. “Noizbehinka elkartzen ginen lantxoren bat egiteko edo proiektu pertsonaletan murgiltzeko”. Harremana mantendu zuten, eta harremanaren ezinbesteko oinarria zen marrazkigintza bientzat. Hari horri tiraka sortu zuten Irrimarra. Ordura artekoaren jarraipen naturala izanagatik, ilustrazioa ogibide bihurtzeari erreparoa baziotela aitortu dute. “Urteak igaro ahala, gero eta argiago ikusi genuen hartu beharreko norabidea zein zen; erabakia hartzea besterik ez zitzaigun falta. Beldurra bagenuen, noski, baina baita emozio eta intriga puntu bat ere”. Ofizioaren zoritxarreko ezaugarria da, izan ere, ezegonkortasuna. Bolada onei heldu eta jarraipena emateak zabaltzen omen du bidea, baina horretan gehiegi tematzeak baldintza lezake sormen gaitasuna, eta, are, emaitzak esperotakoak ez direnean, prekarietatera kondenatu artista. Halako buruhausterik ez dute ibili, momentuz, Iruretak eta Gorroñok. Tentuz heldu diote gai horri, ordea, euren lanbidean aurreikuspenak sarritan alferrikakoak direla jakitun: “Lehen urte hauek oso politak izan dira, baina egonkortasuna ez da ogibide honen ezaugarria, eta askotan kosta egiten da hurrengo hilabetean lanik izango duzun edo ez jakin gabe aurrera jarraitzea”.

Era berean, lanbideak eskatzen du zabalik egotea. Zabalik, proiektu berrietara, eta zabalik, horietako bakoitzaren berezitasun eta exijentzietara. Album ilustratuak, kartelak, horma irudiak… denetarik egiten dute; baita txoko honetatik idatzitako lerroak biziarazten dituzten ilustrazioak ere. Batzuetan, euren ideietatik abiatzen dira, eta, besteetan, enkarguz egiten dute lan. “Gehien gustatzen zaiguna proiektu ezberdinak tartekatzea da; horrela, ez dugu lan batekin nekatzeko edo aspertzeko arriskurik izaten, eta freskoago heltzen diegu proiektu berriei”, azaldu dute.

Eredu berrien bilaketan

Hasieratik amaierara arteko prozesua elkarrekin egiten dute bi ilustratzaileek, proiektua edozein izanda ere. Premisa bat da hori beraien lanean, nahiz eta kilometro batzuk badiren bi kideen bizilekuen artean. Galdakaon duten lantegian aritzen da Gorroño, batez ere, eta Irureta, berriz, etxean atondua duen estudioan. Proiektuek markatzen diete erritmoa, eta horren arabera antolatzen dute lana. Astean behin edo bitan elkartu ohi dira, hala ere; Galdakaon, normalean. Maiztasuna bezala, aldakorra dute lanei heltzeko modua ere. “Lan bakoitzaren testuinguruaren arabera” jarduten dute, diotenez. Kolore bizien erabilera bada, ordea, haien lanean etengabe errepikatzen den ezaugarri bat. Forma esferikoek eta pertsonaia irribarretsuen erabilerak ere egiten ditu bereizgarri haien marrazkiak. Haurrei begira sortutakoak irudi lezakete, baina ez da hori xede nagusia: “Ilustrazioaren inguruan sortu nahi dugun giroari erreparatzen diogu, publikoaren adinari baino gehiago”. Ez baitute sinesten adin tarte bati begirako ilustrazioek eta lanek ezarritako arau jakin batzuk bete behar dituztenik ezinbestean. “Uste dugu, haurrei zein helduei dagokienez, gustuak era askotakoak direla, eta badirela koloreak gustatzen zaizkien helduak zein kolore gutxiko marrazkiak gustuko dituzten haurrak”.

Kategorizazioetatik aldentzen dira pertsonaiei dagokienez ere. Emakumezkoak izaten dira horietako asko. Eredu berriak sortzen saiatzen dira, “errealagoak eta anitzagoak”. Irudi bakar batek asko esan dezake pertsonaia bati buruz, diotenez, eta, behin esaten hasita, zergatik ez esan nahi duten hori esan: “Gure asmoa imajinarioa zabaltzea da; erreferente desberdinak sortzea, ikusleek eta irakurleek haiekin identifikatzeko aukera izan dezaten”.

Poltsa betearekin, Durangora

Bereziki oparoa izan da udazkena Irrimarrakoentzat. Berriki plazaratutako bi lanetan buru-belarri aritu dira: Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren inguruko marrazki bildumako bi ale berritan eta Pello Añorgarekin batera ondutako Ametsen basoa ipuin liburuan. Horrez gain, Karmele Mitxelena idazlearen Erakusleihoan izeneko narrazioa ilustratu dute. Peru Abarka lehiaketa irabazi zuen Mitxelenak azken lan horrekin, apirilean. Durangoko Azokan izango dira hiru lan horiek. “Aukera polita da gure lana erakusleihoan jartzeko eta publiko zabalago batengana iristeko”, diote Iruretak eta Gorroñok.

Koldo Izagirre idazlea izan dute bidelagun Altzoko Handiaren inguruko bilduma elikatzeko lanean, eta, diotenez, hori izan da Azokan izango diren hiru lanen artetik elkarlanera gehien behartu dituena. Hitzen eta marrazkien arteko elkarrizketek eta haien arteko elkar eraginetik joan dira lana osatzen, fintzen: “Hasierako ideiatik abiatu, eta lehen irudiak sortzen ditugu. Koldok hitzak moldatzen ditu, eta, testua berriro bueltan datorkigunean, berriz ere irudiak egokitzen ditugu; eta horrela etengabe, lana bukatutzat eman arte”. Sormen prozesua luzea izan dela aitortu dute, baina “lan egiteko oso modu interesgarria” da beraientzat. “Irudi eta hitzen arteko jolas hori errealagoa da. Asko ikasten dugu”, zehaztu dute. Hala aritu ez diren kasuetan, testu amaituen gainean egin dute lan. Edonola ere, idazleek irudiak sortzeko orduan “askatasun handia” eman dietela nabarmendu dute.

Aldizkako elkarlanekin eta kolaborazioekin jarraitzeko asmoa du Irrimarrak, aurrerantzean ere. Proiektu eta plaza berrietarako bidea hala egin dute, eta lan egiteko modu hori erakargarria zaie. Ez dute kolektiboa handitzeko beharrik ikusten: “Irrimarra bi lagun gara; ez bi ilustratzaile bakar baten gisan lan egiten, baizik eta bi pertsona ilustratzaile bakar baten gisan lan egiten”.

  • Irene Irureta
  • Adina: 30.
  • Ikasketak: Arte Ederretan lizentziatura eta Ilustrazioko goi mailako zikloa.
  • Marrazkilaria ez banintz…: Sorkuntzarekin zerikusia duen beste zerbait.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut: Sozializatzea eta zeramika lantzea.

 

  • Karmele Gorroño
  • Adina: 32
  • Ikasketak: Arte Ederretan lizentziatura eta Irakaskuntzako masterra.
  • Marrazkilaria ez banintz…: Jostuna edo sukaldaria.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut: Egunaren arabera, kalean lagunekin zerbait hartzea edo sofan goxo-goxo jostea.