Ekitaldiz beteta datoz Gabonak Zumaiara

Baleike 2019ko abe. 23a, 20:46

Gabon giroaz blai egingo du bihar Zumaiak, Gabon Gau egunean. Kirol jarduera izango da goiz partean, eta eguerditik aurrera garai honekin lotutako ekitaldiekin beteko dira herriko kaleak.

Goizeko 9:00etan hasita, areto futbol txapelketa azkarra jokatuko da Lubaki kiroldegian. Goizean baita ere, haurrak etxez etxe ariko dira Niño Jesusen Eskean. 

Eguerdian, 12:30ean hasita, Olentzero eta Mari Domingi kalez kale arituko dira. Institutu paretik abiatuko dira, eta Kofradian amaituko dute kalejira. 15:45ean, berriz, Gabon Koruaren kantu kalejira abiatuko da Alai auzategitik. Herri osoa zeharkatuko du Agustin Zubimendik azkenekoz zuzenduko duen abesbatzak.

18:00etan, berriz, Erkibe kultur taldeak antolatutako Gabonetako abestien lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Ordu berean, Jaiotza ikuskizuna egingo da plazan bertan. 18:00etan baita ere, Goikotorretik jaitsiko da Olentzero, eta arranplara joango da Gomezagorekin bat egitera.

Datozen egunotan, ekitaldi gehiago

Abenduaren 24ra ez da mugatuko garai honetarako prestatutako ekintza sorta. Hona hemen datozen egunotan izango diren ekitaldiak:

  • Abenduak 26, osteguna, 16:00etan, Oxford aretoan Xake txapelketa (16:00 haurrak,18:00 helduak).
  • Abenduak 27 eta 28, Kiroldegian Gabonetako haur parkea (11:00-13:30 eta 16:00-19:30). Haurrek doan, helduek 1€ saioko.
  • Abenduak 27, ostirala, 22:00etan Oxford aretoan, Bertsolari gazteen jaialdia. Sarrerak 3€ turismo bulegoan.
  • Abenduak 29, igandea, 11:00etan, Sagarbiden, Kapoeira familian, Astinduren dantza tailerra.
  • Abenduak 30, astelehena, 17:30ean, Haur liburutegian, ipuin kontaketa: Detektibeak liburutegian, Apika (5-8 urte bitarteko haurrentzat).
  • Abenduak 31, asteartea, 12:00etan, San Silbestre lasterketa.