Urtarrilaren 30eko greba prestatzeko lehen bilera egin dute Zumaian

Baleike 2019ko abe. 19a, 11:17

Eskubide Sozialen Kartak  greba orokorra deitu du Euskal Herrian urtarrilaren 30erako.

Urtarrilaren 30erako greba deialdia egin du Eskubide Sozialen Kartak Euskal Herri mailan. Zumaian greba prestatzeko bilera irekia egin zuten atzo Alondegiko Oxford aretoan. Hogei lagunetik gora elkartu ziren lehen bilera honetan, emakume, gazte, pentsiodun, langile, zaintza lanetan ari diren emakume etorkinak eta bestelako norbanakoak. 

Grebaren kokapena egin zuten lehenbizi, eta martxan dauden borroka ezberdinak uztartu eta bizitza duinaren alde kalera ateratzeko beharra dagoela azpimarratu zuten. Jarraian, urtarrilaren 30era bitarteko lanketa egiteko ideiak eman zituzte, eta greba eguna bera nola antolatu behar den ere pentsatzen hasi ziren. 

Bilerak maiztasunez egitearen garrantzia azpimarratu zuten, eta baita gehiago zabaltzea adostu ere. Hori horrela, hurrengo bilera abenduaren 23an egingo dute, astelehenean, 18:30ean, Gaztetxean.