Bascotecnia-LagunArtea enpresa erosi du Sarralle Taldeak

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 19a, 09:50

Enpresa Sarralle Taldean sartu bada ere, marka mantendu egingo du, eta Sarralle Taldeko laminazio departamenduan txertatuko dute. Erosketa tarteko, burdingintzaren nazioarteko sektorean duen lidergoa "indartuko" duela adierazi du Azpeitiko enpresak.

Ingeniaritza industrialean aritzen den Sarralle Taldeak Bascotecnia-LagunArtea enpresa erosi du. Erosketa hori tarteko, burdingintzaren nazioarteko sektorean duen lidergoa “indartuko” duela adierazi du Azpeitiko enpresak ohar bidez. “Erosketarekin merkatu kuota zabaldu eta 150 milioi euroko urteko fakturazioa gaindituko dugu datozen urteetan”, azaldu du enpresak.

Bacotecnia-LagunArtea Sarralle Taldean sartu bada ere, marka mantendu egingo du, eta Sarralle Taldeko laminazio departamenduan txertatuko dute, ingurumenaren, energiaren nahiz burdingintzaren sektorera bideratzeko. 50 urte baino gehiago ditu Bascotecnia-LagunArteak, eta Zumaian du egoitza. Gaur egun 50 bat lagunek egiten dute han lana.

Sarralleko arduradunen hitzetan, bi enpresen bateratzeak eragingo dituen sinergiak “oso esanguratsuak” izango dira. Izan ere, Bascotecnia-LagunArtea bereganatuta, ekoizpena ere handitu egingo du Azpeitiko taldeak; are gehiago, 500 bat langile izatera iritsiko direla uste dute. Salerosketa prozesuko aholkularitza finantzarioaz Norgestion enpresa arduratu da.

Bascotecniak erosi zuen

Lagun Artea enpresak 50 urtetik gorako ibilbidea badu ere, 2011n kolpe gogorra jaso zuen; izan ere, bezero batzuek utzitako zorrari buelta eman ezinik gelditu zen Zumaiako enpresa. Sei urtez hainbat mugimendu egin arren –Sidenorrek Basaurin egin behar zuen inbertsioaren zati bat eskuratzeko itxaropena izan zuen enpresaren zuzendaritzak 2016an–, enpresa likidazio fasean sartu zen.

2018ko martxoan, administratzaile konkurtsalak bi proposamen jarri zizkion mahai gainean epaileari: Sarralle eta Izadi enpresek aurkeztutakoa nahiz Bascotecniarena eta Ondozabalena. Lagun Arteako zuzendaritzak Sarrallerekin eta Izadirekin landu zuen eskaintza; izan ere, bi enpresa horien eskaintzak orduan Lagun Arteak zituen 79 lanpostuei eustea jasotzen zuen. Aldiz, Bascotecniarenak eta Ondozabalenak gehienez 42 lanposturi eustea proposatzen zuen.

2018ko maiatzean etorri zen Pedro Jose Malagon epailearen ebazpena: Bascotecniaren proposamena zen Lagun Artea erosteko egokiena. Eta, horrenbestez, hamahiru milioi euro ordainduta eta 42 langile mantenduta Lagun Artearen jabe egin zuen enpresa. Orain, berriz, Sarrallek erosi du Bascotecniak duela urtebete eskuratu zuen enpresa.