14,5 milioi euroko aurrekontua izango du Zumaiako Udalak 2020an

Aurrekontuak EH Bilduren bederatzi zinegotzien botoekin onartu dituzte. EAJko zazpi zinegotziek aurka bozkatu dute, eta PSE-EEko hautetsia abstenitu egin da.

Udal Gobernuak 2020rako aurkeztutako aurrekontuen proposamena onartu zuten pasa den ostegunean. EH Bilduren esku dago Udal Gobernua, eta koalizioko zinegotzien aldeko bederatzi botoekin onartu zituzten aurrekontuak; EAJren zazpi zinegotziek aurka bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen.

14.548.769 euroko aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen EH Bilduk osoko bilkuran. Kopuru horretatik 1.329.728 euro Kirol Patronatuari dagozkio. Arantxa Gajare Ogasun zinegotziak adierazi zuenez, aurrekontu horiek agintaldiko lehen urratsa dira, eta honako helburu hauek dituzte: "Zumaiarren bizi baldintzak hobetzea, Zumaiaren garapenean sakontzea eta Zumaia bizitzeko herri bilakatzea".

Aurrekontuak lau ardatz dituela iragarri zuen zinegotziak. "Alokairu publikoaren babesa handituko dugu; pentsiodunen egoerari erantzun berriak bilatuko dizkiogu; Artadin eta Oikian aspalditik zeuden gabeziei helduko diegu; eta urteetan geldirik zeuden proiektuak berriz martxan jarriko ditugu, komentua, esaterako".

EAJren ezezko botoa

Aurrekontuaren proiektuaren aurka egiteko zituzten arrazoien berri eman zuten EAJko zinegotziek. Zumaiako Udala bultzatzen ari den kontratazioen aurka agertu ziren jeltzaleak. "Pertsonalen atalean jasotzen denak ez du zumaiarrentzako onurarik, ez zaizkie herritarrei zerbitzu gehiago eskainiko; eta aldiz, eragin zuzena du udalaren finantzetan", adierazi zuen Iker Mardaras zinegotziak. EAJko udal taldea desados dago Kirol Patronatuan egindako kontratazioarekin. Izan ere, jubilatutako teknikariaren lekua bete baino, bigarren zuzendari bat kontratatu duela esan zuen EAJk. Brigadarako beste bi pertsona hartzearekin ere desados agertu zen taldea. Udaltzaingoaren eta TAO zerbitzuaren kasuan ere kritikak egin zituzten. 

Txiribuelta elkartearentzako egoitzaren inguruan ere desadostasun agertu ziren jeltzaleak. Izan ere, Odietan duen lokala agindu zion aurreko agintaldiko Udal Gobernuak, eta lokal hori erabat atondu beharko litzateke Txiribueltaren beharretara. Horren ordez, egungo Udal Gobernuak lokal pribatu bat alokatzeko eta hura berritzeko diru kopuru bat emateko proposamena aurkeztu dio elkarteari.

Kirol instalazioak hobetzeari eta etxebizitza eskaintza areagotzeari lehentasuna eman behar zaiela uste dute jeltzaleek, eta komentua berritzearen apustua zalantzan jarri zuten batzarrean. "Zer behar du herriak, kirol instalazioa edo komentua? Zeri ematen dio lehentasuna herriak, kirol instalazioei edo komentuari? Horixe eskatzen dugu, herriak erabaki dezala zeri ematen dion lehentasuna", azaldu zuen Marikruz Alvarez zinegotziak.

"Konfiantzako botoa"

PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañon, bere aldetik, abestenitu egin zen. Aurrekontuen proiektuan jasotzen ziren proposamen batzuekin ados ez zegoela adierazi zuen hark; Estazio auzoko eta Txiribueltaren proiektuekin zerikusia zutenekin, hain zuzen ere. Bere abstentzioa "modu positiboan" irakurri behar dela esan zuen sozialistak; "nire botoa konfiantzako bototzat hartu behar da", esan zuen.

EAJren udal taldeak aurkeztutako zuzenketak

Aurrekontu proposamenari EAJren udal taldeak aurkeztutako hamabost zuzenketak aztertu eta bozkatu zituzten batzarraren hasieran. Jeltzaleek adierazi zuten "Gizarte Zerbitzuen, Hirigintza eta Lurralde Antolamenduaren, auzoen, merkataritzaren eta Ingurumenaren inguruan" zirela aurkeztutakoak, eta "aurrekontu proiektua hobetzeko" asmoarekin egin zituztela.

Udal Gobernuaren ustez, EAJk aurkeztutako proposamen horietatik zazpi besterik ez dira "benetako" zuzenketak. "Beste zortzi emendakinak jada jasota zeuden guk aurkeztutako aurrekontu proposamenean".

Hamabostak banan bana irakurri, aztertu eta bozkatu zituzten, eta horietatik bi bakarrik onartu zituen Udalbatzak, Oikiako bidegorriarekin lotutakoa bata eta zuntz optikoaren sarea zabaltzearekin lotutakoa bestea.

Zuntz optikoaren hedapenarekin lotuta, EH Bilduk autoemendakin bat aurkeztu zuen proiektu idazkerara bideratu nahi diren 16.000 euroak hirigintzako azterlanetatik hartzeko. Proposamena aho batez onartu zuen batzarrak.

Erlazionatuak

Udal Gobernuak 2020ko aurrekontu proiektua aurkeztu du

Zumaia 1

Guztira, 14,5 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu dute. Proiektu horien bitartez, zumaiarren bizi-baldintzak hobetzeko proiektuak garatzea ...
Zumaiako EAJ udal taldeak 15 emendakin aurkeztu ditu udal aurrekontu proiektua hobetzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia Zumaia

Gizarte zerbitzuen, hirigintza eta lurralde antolamenduaren, auzoen, merkataritzaren eta ingurumenaren inguruan egin ditu ekarpenak EAJk. 15 emenda...