Final gazi-gozoa Jon Maiarentzat

Onintza Lete Arrieta 2019ko abe. 14a, 21:17
Jon Maia eta Agin Laburu, saioko une batean

Zumaiarra azken tokian sailkatu da gaur arratsaldean Ilunben jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Utzi ditu ale politak, baita hitz-joko biziak ere, baina ez du bere lana borobiltzerik izan. Umorez bota du agurra. Txapela, berriz, Beñat Gaztelumendik jantzi du.

Ez du egunik onena eduki gaur, zapatua, Jon Maiak Illunben jokatu den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean. Akatsik ez, eta hitz joko eta puntu politak utzi ditu. Ideiak borobiltzerakoan ez da bereziki fin aritu, ordea, eta lan batzuetan ez du guztiz ondo osatu bertsoa. Ez da buruz burukora pasatu laugarren finala duen honetan. Hain zuzen ere, zortzigarren sailkatu da. Agin Laburuk eta Beñat Gaztelumendik lortu dute bigarren zatira pasatzea, eta Beñat Gaztelumendik jantzi du txapela, final borobila osatuta.

6.000 lagun elkartu dira Illunbeko hitzorduan; bete egin da plaza. Txalo zaparrada ugari eskaini dute bertsozaleek, eta giro polita izan da saio osoan zehar. Herrialde osotik bertaratu dira zaleak, baita Zumaiatik ere; horiek Jon Maia herritarra animatzera joanak ziren. Ikusleen artean hainbat herritar ezagun ikus zitekeen: Alex Oliden eta Juanito Dorronsoro, besteak beste.

Maiarekin batera aritu dira nor baino nor Agin Laburu, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi. Hurrenkera horretan abestu dute agurra, zozketa bidez hala suertatuta. Maiak abestu du aurrena.

Zumaiarrak hainbat lagun omenduz osatu du agurreko bertsoa: "Aitor Sarasuarenak zein Juanito Mitxelenarenak/ edota Jon Barberenak botatako bertso denak/ katebegioi dena zor die bertsoaren iraupenak/ hain da handia bertsolaritzak batu ditzakeen penak/ alaitasunak eta borrokak porrotak ta garaipenak/ bihar norbaitek kantatu ditzan inoizko bertso onenak/ goza ditzagun gaur eta hemen gugan sortuko direnak".

Litxarreriak, lan prebentzioa eta bakardadea

Zortzi bertsolarien agurraren ondoren, finalaren lehen zatian sartu dira, eta hamabosna bertso puntuagarri abestu behar izan dituzte. Zortziko handian, aurrena kantatzea egokitu zaio Maiari, eta Agin Laburu izan du ofiziokide. Hiruna bertso bota dituzte lan istripuak hizpide hartuta, eta lan txukuna egin dute biek. Lan egiten duten enpresan sorospen ikastaroa emango dute lanorduz kanpo, eta Maiak ez du parte hartzeko asmorik; bai, berriz, Laburuk. Maiak azken bertsoan hitz joko ederra osatu du arnasarekin eta arnesarekin: "...baina gurekin ez da jarriko obra honen kapataza/ hortik zintzilik jartzea berriz ez da batere erraza/ ta nik etxera bueltatu nahi det bizirik ta nire kasa/ arnasa ez da arnesa eta arnesa ez da arnasa".

Ondoren, binaka berriz ere, zortziko txikian aritu da Maia Alaia Martinekin. Ateraldi umoretsu bat edo beste utzi arren, eta hitz jokoak erabili arren, ez da saioko bertsoaldirik onena izan. Martinek okindegian lan egiten du, eta itxi aurretik sobratutako ogia banatzen du. Maia, berriz, azkenaldian egunero joaten da itxi baino pixka bat lehenago. Martin gogor aritu da Maiaren "muturraren" kontra, eta zumaiarrak bere postura defendatu du, baina ideia oso garbirik josi gabe.

Bakarkako lanen txanda etorri da gero. Litxarreriak gaiari buruz, eta lehen puntua emanda, zortziko txikian aritu da Maia. Aurreneko puntua-erantzuna hau izan da: "Umeen aitzakian helduok barrura: nola beti dauzkagun hurbil ta eskura/ litxarreriak nik sarritan gustura/ nahiz ta ja ez daukadan umean itxura". Gai-jartzaileak esan dio behin hasiz gero ezin izaten dela gelditu, eta Maiak amaitu du lana esanez dena kariesez bete eta gero ezin izaten dela dentista pagatu.



Ondoren, hamarreko txikian, Nerea Elustondorekin egokitu zaio kantatzea Maiari. Portuko langileen paperean sartu dira, eta arrantzontzian iritsitako etorkinez aritu dira kantuan. Txukun ibili dira, eta puntu politak utzi dituzte. Maia hasi da bertsotan, eta aurrenekoan esan du hamar direla etorri direnak, eta horrela amaitu du bertsoa: "...baina zein ederra gaur dakarren arrantza/ hamar bizitza berri ta hamar esperantza". Elustondok beldurrak aipatu ditu, portua kameraz beteta dagoelako eta polizia ere ibiltzen delako. Haien etorkizunaz kezka ere erakutsi du. Maiak erantzun dio "gure esku" dagoela haien geroa: "...ez naiz agintari bat ez ezertan mago/ baina saiatuko naiz ahal dala gehiago/ hoien etorkizuna gure esku dago". Elustondok bukatu du lana, esanez lagundu egingo dietela etorkinei: "...gaur gauean lo lasai egin nahi det eta".

Lehen zatia amaitzeko, bakarkako ofizioaren txanda iritsi da. Maia izan da aurrena kantuan oraingoan ere, eta ez du bertsoaldia borobiltzerik izan. Gaia ere ez da, beharbada, errazena izan horretarako. Eskulturgile baten paperean jarri dute, zeinak amona baten bakardadea islatu duen eskulturan. Doinu eta neurri librean bota ditu hiru bertsoak. Ertz askoko gaia zen, eta hainbat ideia jaso du zumaiarrak: esaterako, gizartea jende bakartiz beteta dagoela, eta norberak hautatua ez denean tristea dela.

Aurreneko bertsoan eskultura deskribatu du, eta ondoren ideia bat azpimarratu: "...gehien ikusten dena da ikusten ez den bihotza". Bigarren bertsoan nabarmendu du edonor izan zitekeela berak egindako eskulturako protagonista, eta azken bertsoan, bizpahiru ideia, mezu itxaropentsuarekin amaitzeko: "Bakardadean aurkitu daiteke noski bakea/ baina hautatua ez bada dator tristuraz betea/ ta hola betea dago bizi dugun jendartea/ ume batek esan dio kaixo amona maitea/ baina bakartientzat da hau da bakarti parkea/ honek ez du aldatuko ez bizitza ez suertea/ baina posible da inork maite zaitut esatea".

Amaierako agurra

Lau ordu iraun dituen finalaren ondoren, 21:11ean iritsi da agurren ordua. Maia azken gelditu da, eta berak egin du berriz ere aurrena kantuan, umore handiz egin ere: "Aurten Jon bai txapela batzuek irrikan/ ta nik entzuten nien erdi inbiditan/ kantari segiko det berriro herritan/ txikitan hasi nuen nere dinamikan/ hauxe aitortuko det gainera egitan/ bertsolaria izan nahi nuke handitan".

Sailkapena

1. Beñat Gaztelumendi: 940,5 puntu.

2. Agin Laburu: 916 puntu.

3. Alaia Martin: 576 puntu.

4. Nerea Elustondo: 565,5 puntu.

5. Oihana Iguaran: 560 puntu.

6. Ane Labaka: 552 puntu.

7. Beñat Lizaso: 541 puntu.

8. Jon Maia: 533 puntu.