Berria eta betikoa, parez pare

Julene Frantzesena 2019ko abe. 13a, 09:09

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean izango dira Jon Maia eta Beñat Lizaso bihar. Bata finaletan esperientziaduna da; bestea, berriz, hasiberria. Baina agertoki berean ariko dira lehian.

“Presioak alde batera utzi, obligaziorik ez jarri zure buruari. Opari bat bailitzan hartu. Ez duzu ezer apartekorik edo berririk demostratu beharrik; ez ahaztu hori”. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalaren atarian,  Jon Maiak (Zumaia, 1972) aholku horixe eman dio Beñat Lizasori (Azpeitia, 1982). Izan ere, Maia txapelketetako finaletan ondo zaildutako bertsolaria izanik, hari aholkua eskatu dio lehen aldiz Gipuzkoako finalean izango den Lizasok.
 
Hasiberria. Finaletan, ordea. Urteak daramatza Lizasok bertsoen munduan murgilduta. Eta txapelketak uztea buruan zebilkien garaian jo du goia azpeitiarrak: “Orain arteko txapelketetan egindako lanarekin gustura nengoen, topea jo nuen sentipenarekin. Erdi derrigortuta-edo eman nuen txapelketarako izena, eta aurreneko bi faseak igarota, zera pentsatzen nuen: ‘Egin diat, berriz ere hemen nagok, berriz ere Tolosan’. Inolako presiorik gabe nengoen, finala ez baitzen nire helburua inondik inora, baina…”. Eta hirugarrenean, finalera: “Saioa bukatzean ‘hor behar duk’ esan zidaten Haritz Mujikak eta Jokin Urangak, eta urduri jarri nintzen. Nire izena esan zutenean, ez nekien barre egin, negarrez hasi…”. Argi du Lizasok urteetako lanaren ondorioa izan dela lortu duena. “Gutxien espero nuen unean iritsi da, eta balorazio oso-oso positiboa egiten dut oraingoz; ea finalean zer ateratzen den”.
 
Maiak ez du ez lehen finala, ez bigarrena. 1997an abestu zuen lehen aldiz final batean: Donostiako Belodromoan izan zen, Txapelketa Nagusikoan. 23 urte pasatu dira ordutik, eta “ilusioz” jarraitzen duela aitortu du zumaiarrak. “Ez dakit nire burua engainatzea ez ote den eta ez ote dudan onartzen urteak aurrera doazela”, azaldu du barrez. “Tolosan kristoren poza sentitu nuen finalera sartzeagatik. Ziklo luze bat borobiltzea zela sentitu nuen. Beharbada txapelketaren azkenengoetan nagoela badakidalako izango da, eta finalera sartzeak lehia horretan egotea eta egun polit horiek bizitzeko aukera ematen duelako ere bai”.
 
Joan zen neguan txapelketan izena eman edo ez zalantzan izan zen bertsolariak aitortu duenez, aurtengo txapelketa “oso desberdin” ari da bizitzen. “Beti pentsatzen dut onena emateko daukadala, eta pena ematen zidan txapelketak agurtu gabe uzteak. Erabaki nuen beste modu batean planteatu behar nuela lehia, ez bainuen sufritzerik nahi. Emaitzen beldurrik ez daukat; liberatu naiz txapelketaren itzalez eta mamuez. Eta finalaren atarian egiten dudan balantzea da apenas sufritu dudala eta asko ari naizela gozatzen; oso fresko nagoela sentitzen dut”.
 
Bertsoaren pozak
 
Gaztetxo zirela hasi ziren bertsotan Maia eta Lizaso, Lizaso eta Maia. Eta biek egindako bidearen sari gisa hartu dute finalerako txartela. Maiaren aburuz, maratoi bat, lasterketa oso luze bat da bertsolaritza: “Gerta daiteke norbait final batera noizbait kasualitatez iristea, baina hainbeste urteren ondoren finalera iristen zarenean… Horrek esan nahi du beti hor egon zarela, konstatzia duzula, ez duzula sekula etsi, eutsi diozula une txarretan, urteak pasatu dituzula baldintza txarragoetan edo hobeagoetan, plaza gutxiagorekin edo gehiagorekin. Eta iristen da 2019. urtea, eta finalera”. Zumaiarraren ustez, zaila da final batera iristea, eta are zailagoa hainbeste denboran maila horretan mantetzea: “Hau da sailkatzeak poz handiena eman didan finala”.
 
Lizasori pozik handiena jendea berarekin gogoratu izanak eman dio asteotan. “Jendea poztu egin dela dirudi. Mezu ugari jaso ditut, espero ez nuen pertsonenak ere bai”. Azpeitiarrak etxetik jaso du bertsogintza, eta finalera sailkatzeak balio izan dio barruan zuen harra kentzeko. “Beti izan naiz ‘bertsotan besterik gabe egiten duen hori’. Nahiz eta Gipuzkoako finalerdietara sailkatu bitan eta Euskal Herrikoan kantatu, ez naiz sekula izan egin dezakeela ematen duen bertsolari hori. Eta nik ere aspaldi ikasi nuen bertsotan, eta ari naiz gauza batzuetan hobetzen”. Egin zuen, bada, egin zezakeen hori, Tolosan, “egunik aproposenean eta jendeak gutxien espero zuenean”. Hala dio: “‘Joño, Beñat hik ere egiten duk bertsotan’, aitortu dit jendeak. Hau ez da abizena eduki eta besterik gabe, listo”. Bere buruarentzat “baieztapena” izan dela dio Lizasok: “Bertsotan egiten dudala erakutsi dut”. Finalak abizena ahaztu eta izena jartzeko balioko diola uste du azpeitiarrak. “Beti izango naiz Sebastianen semea eta Joxeren biloba, baina bertsotan abizenagatik bakarrik ez nabilela ikusaraztea nahi dut, Beñatek bertsotan egiten duela erakutsi nahi dut”.
 
Finalaren atarian
 
“Heldutasuna” aipatu du Maiak; beharbada, horixe delako txapelketa honetan sentitzen ari den “gauza arraro” hori. Uneotan berak bertsotan izan nahi duen Jon horretatik nahiko gertu dagoela ere aitortu du: “Uste dut onenera iristen ari naizela. 12 urterekin txapelketetan hasi nintzenean, gaztelaniaz pentsatzen nuen, eta ordutik nire mugak gainditzen aritu naiz. Aurrerapauso txikiak ematen joan naiz beti, eta erori naizenean ere, jaiki eta hobetzen ahalegindu naiz”. Txapelketari “tamaina ona” hartzen hasia dela ere esan du: “Bertsoaren kontrola daukadala sentitzen dut, eta egin nahi dudana bideratzeko gai naizela”.
 
Lizasok azaldu duenez, Tolosan bizi izan zituen sentipen beretsuetan nahi du bizi finala. “Izugarrizko bertsorik bota behar ez badut ere, neuk pentsatu bezala, nahi dudan bertsokeran eta bestea entzunda nahi dut abestea”. Hark dioenez, Tolosako saiora arte ez zuen halako aldarterik izan. “Neurean jarri eta beste bertsolaria dantzan ari bada ere ez konturatzeko moduan aritu izan naiz; ahal nuen moduan nire burua salbatu eta aurrera”. Garbi dauka: Ilunbeko agertokian gozatzea nahi du. “Han nagoela sentitu nahi dut, ez nire munduan goiko farolari begira nagoela. Jendeari kantatu nahi diot, hala eginez gero jendearen erreakzioa bueltan etortzen delako. Dena den, ez dut ilusio faltsurik egingo: badakit nire mugak non dauden, irits nintekeen muga horretara iritsi naiz eta horixe baieztatzea nahi dut”.
 
Biharko finala Ilunben izango da, eta han jende uholdea izango dela gauza ziurra da. Maiak Donostiako Belodromoko, Barakaldoko BECeko eta Ilunbeko agertokiak probatu ditu finaletan, eta hark dioenez, hirurak dira plaza handiak. Dena den, behin ikus-entzule kopuru batetik aurrrera bost mila, zazpi mila edo hamar mila lagun izan, “berdin-berdin” zaiola aitortu du. “Jendea harritu egiten da jende itsaso horretara ohitu egiten zarela entzutean, baina hasierako kolpea pasatuta, nahikoa erraz egiten zara handitasun horretara. Saioa hastean bertsotan ondo egitea nahi duzu, eta barruko estrategian eta bilaketan sartzen zara”.
 
Lizasori, baina, beldurra sortzen dio zazpi mila lagunen aurrean aritzeak. “Ea zer erreakzio izaten dudan”, adierazi du. “Tolosan ere jende pila bat zegoen, giroa izugarria zen, baina bertigoa sentitu beharrean, hazi egin nintzen. Beldurra ematen didana da Ilunbeko agertokira igo eta jendetza hori ikustean izan dezakeedan erreakzioak; hau da, pausoa aurrera edo atzera egingo dudan ez jakiteak. Baina espero dut ez kokiltzea, finalera behin iritsita, derrigor aprobetxatu beharra baitago plaza hori”.
 
Eta gero, zer?
 
Txapelketen aroa bukatzen ari zaiela aipatu dute biek ala biek, beren moduan, beren zalantza guztiekin, baina argi dagoena da finalek, oro har, plazan segitzeko berme ere badirela. Eta zergatik ez, txapelketetan segitzeko amu ere bai.
 
Hala ere, bai Lizasok, bai Maiak, badakite nondik datozen, nora doazen, eta gaur burua biharko finalean badute ere, etzi ere bertsolari izaten jarraituko dute. Lizasok, adibidez, “afiziotzat” du bertsogintza. “Badakit zer den etxean bertsolari bat edukitzea, eta ez dakit hori opa al diedan nire etxekoei. Izan ere, txapelketa garaietan konturatzen naiz askotan erre-erre eginda ibiltzen naizela, gauzak ateratzen ez direnean etxetik irten behar duzu, prestatzeko denbora behar da… eta nik bertsoa afizio moduan bizi nahi dut”.
 
Hala eta guztiz, plaza handiek hondarra utzi ohi dutela ukaezina da, eta biharko finaleko lanak balio dakieke bertsolariei etzi lan egiteko. Hala dio Maiak: “Finalak beti dira plaza handiak, eta plaza handi horretan asko balio dezake bertso batek. Izan ere, plaza handi horretan botatako bertso on bat posible da urteetan gogoratzea. Bertso bera botatzen duzu Zumaian edo Azpeitian, eta igual, gogoratuko du norbaitek…”.
 
Lizaso ez du kezkatzen finalaren biharamunak. “Finalak saioren bat edo beste ekarriko du. Beraz, saioak etortzen badira, ondo; eta ez badira etortzen, ba ondo baita ere. Tartea egingo diet saioei, e, baina horrek ez nau  gehiegi kezkatzen. Izan ere, deitzen ez badidate ez nautelako entzun nahi izango da”. Orain arteko gisan, bertsolaritza afizio moduan bizitzen jarraitu nahi duela adierazi du: “Bertsotan gozatzea nahi dut”.
 
Maiak, berriz, finalak uzten duen arrastoan jarri du arreta, haren ustez finala ez delako egun bakarra: haren bueltako dena, aurreko egunak eta ondorengoak ere bai. “Hori guztia betiko geldituko den zerbait izango da, eta bizi egin behar da. Batez ere, berriz inoiz finalen batean ariko al naizen ez jakitearen sentipena bizi izan dudalako aurreko finaletan. Izan daiteke final bat azkena edo bakarra, eta hori bizi egin behar da”.
 
Azpeitiko Dinamoa sormen gunean solasaldi luze eta mamitsua izan dute Lizasok eta Maiak. Bakoitzak beretik, txapelketan bizitakoaz eta bizitzeko duten finalaz lasai eta patxadaz aritu dira hizketan. Urteek eta esperientziak ematen dute perspektiba, baita norbere abileziak nahiz mugak zeintzuk diren argitzeko parada ere. Eta bertsoa da lehia, eta bertsoa da laguntasuna. Ikuskizun dago finala, ikuskizun dago txapela nork jantziko duen eta ikuskizun dago zer nola ariko diren bi bertsolariak saioan. Elkarrizketatzaile eta elkarrizketatu roletatik osatu duten solasaldiaren bukaeran, hala esan diote Maiak eta Lizasok elkarri: “Zorte on”. Eta eskua eman dute bihar agertoki berean elkartuko diren bi bertsolariek. Bertsolaritzak bai baitauka lehiatik, baita bestelakotik ere.
Erlazionatuak