Eskuz binakako txapelketako partida jokatuko da urtarrilaren 12an, Aitzurin

Baleike 2019ko abe. 12a, 17:08

Eskuz binakako txapelketako jardunaldi bat hartuko du Aitzuri frontoiak. Urtarrilaren 12an izango da, igandean, eta sarrerak salgai daude dagoeneko Internet bidez.

Promozioko partida batekin hasiko da Aitzurin jokatuko den jaialdia: Agirre-Eskiroz eta Arteaga II.a-Urretabizkaia bikoteak arituko dira 17:00etatik aurrera.

Horren ostean jokatuko dute eskuz binakako txapelketa profesionaleko partida, Olaizola II.a-Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.a bikoteek.

Sarrerak salgai

Sarrerak Internet bidez eros daitezke gaurtik aurrera. 10:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira web orri honetan. Beheko hiru blokeetako sarrerak 30 euroan egongo dira salgai, eta gainerakoak 25 euroan. Kopuru horiei internet bidezko erosketaren kudeaketa gastuak gehituko zaizkio.

Saldu gabe geratzen diren sarrerak egunean bertan izango dira salgai Aitzuriko leihatilan, 16:00etatik aurrera.