Xistera zirkuituko finalaurrekoak jokatuko ditu Unai Urangak

Baleike 2019ko abe. 11a, 13:30

Xistera Zirkuituko lehen finalaurrekoak jokatuko dira igande honetan Miruaitz pilotalekuan. Goizeko 11:00etatik aurrera jokatuko dituzte partidak, eta parte hartuko dutenen artean Unai Uranga zumaiarra dago.

Nesken finalerdiekin hasiko da igandeko jaialdia. Bertan Ortiz de Mendibil-Mariona, Merino-Lizardi eta Carla-Raquel arituko dira. Finalerako bakarra sailkatuko da, irabazlea, eta abenduaren 21ean jokatuko den final horretan Aldazabal eta Calvo izango dituzte aurkari. Aipagarria da maila honetan, Bartzelonako Vasconia taldeko hiru neska sartu direla finalerdietara. Eurek izango dute ordezkaritzarik handiena.

Neskek euren lanak amaitutakoan mutilen txanda izango da. Hasteko Bigarren Mailakoak kantxaratuko dira, eta bertan Urrutia-Garat, Vidal-Mugartegi eta Garcia-Goitiandia izango dira aurrez aurre arituko direnak. Hemen ere bakarrak izango du finalera sartzeko aukera, eta Markina-Xemeinen jokatuko den final horretarako Ibañez eta Olazagazti sailkatuta daude. Finalerdietan izateko txartela Sorozabalek zeukan eskuratuta, baina Miamin ari da jokatzen orain, eta bere ordez arituko da Mugartegi.

Azkeneko finalerdia Lehen Mailakoa izango da. Aaron-Uranga, Gonzalez-Manci eta Arbe-Danel Mandiola lehiatuko dira. Maila honetan, gainerakoetan bezalaxe, bakarrak lortuko du finalerako txartela, eta abenduaren 21eko final handi horretan zain dituzte Antxon eta Goixerri. Maila guztietan kiniela erara jokatuko dira finalerdiak, 25 tantora.