Igandean hasiko dituzte Flysch Trailen emakumeen entrenamenduak

Baleike 2019ko abe. 10a, 08:21

Lau entrenamendu saio antolatu dituzte; Gaindituz kirol eta osasun zentroak gidatuko ditu. Proba guztiak kontuan hartuta, %19tik %29ra igo da emakumezkoen parte hartzea iaztik.

Aurten inoiz baino azkarrago korrituko da 2020ko Flysch Trail mendi lasterketa. Maiatzaren 3an beteko dira Zumaia inguruko zelaiak eta mendiak korrikalariz. Horren jakitun, eta berdintasunaren alde aurtean emandako urratsarekin jarraituta, emakumeei zuzendutako entrenamenduak egingo dira abenduaren 15etik aurrera.

Emakumeei zuzendutako prestakuntza proiektuaren baitan lau entrenamendu saio egingo dira. Gaindituz kirol eta osasun zentroko lagunek gidatuko dituzte saio hauek, eta bertan emakumezkoek zein gizonezkoek parte hartu ahal izango dute. Ez da beharko aurrez izena ematea. Lau entrenamendu saio horietatik bi egiten dituzten emakumeek datorren urteko Zumaia Flysch Trail lasterketan dortsala  izateko eskubidea izango dute. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundia kirol sailak 30 dortsal doan jarriko ditu, eta entrenamenduetan parte hartu dutenen artean zozkatuko ditu.

Abenduaren 15eko saioa 8 edo 9 kilometro ingurukoa izango da, eta Lubaki kiroldegi aurretik aterako da. Hurrengo saioak urtarrilaren 12an, otsailaren 2an, martxoaren 15ean eta apirilaren 5ean izango dira. "Aurten aldaketak izango dira lasterketako zirkuituan, 2.250 metroko desnibeletik 3.000 metrora pasako baita, eta azken saio horretan probak zeharkatuko dituen leku berriak ezagutuko dituzte", azaldu du Flysch Traileko arduradun Bosco Garitanok.

Aurten hasitako proiektuak emaitza ona eman duela dio Garitanok. Horren adibide da emakumeen parte-hartzea %19tik %29ra igo dela urte batetik bestera, proba guztiak kontutan hartuta: "haurren eskalada, familientzako orientazio saioak, mendi lasterketak eta ipar martxa. Eta ez hori bakarrik, adin guztietako jendeak parte hartzeko aukera ere ziurtatu du horrek".

2020ko lasterketa maiatzaren hasieran egingo da, hilaren 3an, hain zuzen ere. "Maiatzaren 28an Zegamako (Gipuzkoa) proba jokatuko da, eta ekainaren 21ean Izaban (Nafarroa) Camille Extreme mendi lasterketa. Tartean jarriko bagenu, jende asko ez zen etorriko. Irailarera mugitzea ere pentsatu genuen, baina ordurako korrikalari asko nekatuta egongo lirateke", dio Garitanok.

Antolatzaileak lanean ari dira 14 kilometroko eta 42 kilometroko probak Munduko Kopako probak izateko. Dagoeneko ziurtatu dute ipar martxako 18,3 kilometroko proba Munduko Koparako puntuagarria izango dela.