Gabonetako kanpaina berezia abiatu du Gertu merkatari eta ostalarien elkarteak

Baleike 2019ko abe. 9a, 10:18

Hilaren 10ean hasi eta 31ra arte, elkarteak eskaintzen dituen eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango dute zumaiarrek. 

Geroz eta gutxiago falta da Gabonetarako, eta Gertu Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteak kanpaina berezia abiatu du beste urte batez. Bihar hasi eta abenduaren 31ra arte, Gertuk eskaintzen dituen eskaintza bereziez gozatzeko aukera izango dute zumaiarrek. 
 
Alde batetik, zozketa bereziak egingo dituzte. Abenduaren 20an sei otar banatuko dituzte; horrez gain, 300 euroko hiru erosketa bono ere zozkatuko dituzte bezeroen artean. Parte hartzeko, herriko establezimenduetan erosketak egiterakoan txartel bat bete beharko da. Ostalariek ere izango dute beren zozketa: abenduaren 17tik 20ra, txanpain botila bat eta bi ardo botila zozkatuko dituzte elkarteko taberna eta jatetxeetan.
 
Gabon garaian elkarteko dendetan erabiltzeko erosketa bonoak ere aterako dituzte. Bihartik auerrera, Turismo Bulegoan izango dira salgai, 30 euroren truke. Ondoren, 40 euroko balioa izango du txartelak elkarteko dendetan. Pertsona bakoitzak bono bat eskura dezake. 
 
Azkenik, erakusleiho lehiaketa ere jarri du martxan Gertuk. Bi sari eskuratu ahal izango dituzte lehiaketan parte hartzen duten establezimenduek. Epaimahaia izango da horietako bat emateaz arduratuko dena. Bestetik, estreinakoz sari herrikoia jarri dute abian Facebook bidez. Bozketa horretan parte hartzen duten herritarren artean 100 euroko erosketa bonoa zozkatuko dute.