Egunean 45.000 aldiz

Lander Muñagorri Garmendia/Berria egunkaria 2019ko abe. 8a, 17:00

Kuadrillako elkarrizketetan edo lanean gero eta maizago entzuten da Egunean Behin aplikazioaren berri. Azken hiru hilabetean laukoiztu egin da erabiltzaile kopurua, eta datorren larunbatean finala jokatuko dute Azpeitian.

Hamar galdera motz, eta horiei erantzuteko minutu eskas inguru. Non itsasoratzen da Oka ibaia? Zenbat urte ditu Onintza Enbeitak? Galdera bakoitzak hiru erantzun posible ditu aukeratzeko: Gipuzkoa, Lapurdi edo Bizkaia; 40, 38 ala 46. Egunean partida bakarra joka daiteke, eta lortutako emaitza lagunekin, ikaskideekin edo lankideekin konparatu. Ulertzeko erraza da Egunean Behin aplikazioa, eta Euskal Herrian izaten ari den hedapena, «harritzekoa», Josu Azpillaga Codesyntax enpresako ingeniariaren arabera. Uda aurretik, jokoak 10.000 erabiltzaile zituen, eta aste honetan dagoeneko 46.200 pertsonak jokatu dute partidaren bat. Bigarren denboraldia hasi zenetik 11 aste igaro dira, eta epe horretan laukoiztu egin da erabiltzaile kopurua. Horregatik daude harrituta aplikazioaren sortzaileak, baina era berean baita pozik ere badaude, mezu positibo asko jasotzen ari direlako: «Sumatzen ari gara halako zerbaiten gosea bazegoela». Jokoak izan duen bilakaerak agerian utzi du baieztapen hori.

Egunean Behin-ek izan duen igoera horren atzean egon daitezkeen arrazoiak zerrendatu ditu Azpillagak: «Garrantzitsua izan da muga bat jartzea: egunean partida bakarra jokatu ahal izatea. Aurretik bageneukan galdera-erantzunen antzeko beste aplikazio bat, eta jendea aspertu egiten zen hainbat partida jokatu ondoren». Egunean nahi adina partida jokatu beharrean, bakarraren aukera izanda, erabiltzaileek jokatzen jarraitzeko gogoari eusten diote, haren ustez.

Dioenez, ordea, arrakastaren gakoetako taldeetan dago. Eguneroko galderei erantzun ondoren, norberaren emaitza bere lagunek, familiartekoek edo lankideek egin dutenarekin aldera daiteke: «Jendeari berdin dio sailkapen nagusian 7.000. postuan geratzen bada, baina lagunak baino partida hobea egin duzula ikusteak motibatzen laguntzen du. Uste dut hor asmatu egin dugula». Aplikazioak dituen talde kopuruei begiratuz ikus daiteke hala dela: oraintxe bertan 14.500 talde aktibo daude.

«Nik, adibidez, baditut lau talde, eta nire inguruko euskaldun askok ere jokatzen dute». Ibai Agirrebarrena baionarrak sumatu du bere inguruan hazi egin dela aplikazioaren erabilera, duela hilabete pare bat ez baitziren asko jokoan aritzen zirenak. Orain, Whatsapp-eko elkarrizketak horri buruz dituzte lagunen artean. «Badugu lagun bat beti erantzun gehienak ongi eta azkar ematen dituena, eta gaizki egiten duenean denak trufatzen gara berataz». Horretarako balio baitute Egunean Behin-eko taldeek.

«Jokoak iraungo bazuen, gakoa taldeetan egongo zela garbi ikusi genuen hasieratik, baina ez genuen espero talde publikoak sortuko zirenik». Bigarren denboraldian, ikastetxe batzuen eskaera jaso zuten Codesyntaxen: ea posible izango ote zen norbere sakelako telefonoaren zenbakia inori eman behar izan gabe taldeetara batzea. Eskaera bideratu, eta jokoan eguneraketa bat egin zuten: orain, erabiltzaile bakoitza edozein taldetan sar daiteke, bertako kodea sartuz gero. Funtzionamendu horrekin, lantokietako, ikastetxeetako edo herrietako taldeak sor daitezke, ordura arte kuadrillako, familiako edo lankideen arteko taldeak sortzen ziren lekuan.

Aukera horrekin sortu dira, besteak beste, Zumaiako (Gipuzkoa), Gasteizko Zabalgana auzoko, Ulma enpresako eta Aretxabaleta Lanbide Eskolako ikasgeletako taldeak (Gipuzkoa). «Ikusi geunen Zumaian bazegoela afizioa, eta taldea sortzeko aukera aipatu genuen erredakzioan». Maria Maya Manterola Baleike aldizkariko kazetaria da, eta duela gutxi jarri dute martxan herriko taldea. Ulman ere antzera egin dute, Iraia Elortza Emun-eko euskara teknikariaren arabera —euskara zerbitzua eskaintzen dute enpresan—. Euskararen normalizazioa sustatzeko enpresako talde bat sortu zuten, eta orain bazkalorduko elkarrizketetako gaietako bat da Egunean Behin. 350 langile inguru daude taldean, eta 438 Zumaiakoan. Jokoan dagoen talderik handiena da azken hori, eta astero sariak banatzen dituzte irabazleen artean.

Jarraitu irakurtzen Berria.eus atarian