Euskaraldiak euskaraz gehiago egitera animatu ditu herritarrak, Soziolinguistika Klausterraren arabera

Baleike 2019ko abe. 8a, 11:01

Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituretan izandako eragina aztertu du Soziolinguistika Klausterrak .

Azaroaren amaieran Zumaian, Zarautzen eta Orion aurkeztu zituzten iazko Euskaraldiak Urola Kostako bailaran utzitako zenbakiak, Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketa oinarri hartuta. Horren arabera, Aian, Getarian, Orion, Zarautzen eta Zumaian 7.605 herritarrek parte hartu zuten Euskaraldian, eta horietatik 713k bete zituzten galdetegiak; horietatik gehienak, Ahobizi rola hartu zutenak eta emakumeak izan ziren. Galdetegiak Euskaraldia hasi baino lehen, iraun bitartean eta handik hiru hilabetera erantzun dituzte herritarrek.
 
Datu orokorrak kontuan hartuta, egitasmoak euskaraz gehiago egitera animatu ditu herritarrak, baina igoera ez da oso esanguratsua izan. Parte hartzaileen %93k inguruko euskal-dunengana euskaraz zuzentzeko ohitura zuten Euskaraldia hasi aurretik. Euskaraldiak iraun bitartean %97ra igo zen kopurua, eta handik hiru hilabetera %95era jaitsi zen berriz. Horrek aditzera ematen du Euskaraldiaren barruan gauzatutako hizkuntza ohitura aldaketetako zenbait egonkortu direla epe luzera begira. Dena den, aurrez ere euskararako joera handia zuen jendeak erantzun zuenez galdetegia, hobekuntzarako tarte txikia izan da datuetan.