Ingurumena zaintzeko egiten duen boluntario lana aitortu diote Zumaiena ikastetxeari

Itsasora iristen diren isuriak kontrolatzeko Ospar programan parte hartzen dute Zumaienako ikasleek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak ekitaldia egin zuen atzo Donostiako Aquariumean, Gipuzkoako hondartzetan boluntario gisa hondartzak garbitzen aritzen diren taldetxoak saritzeko. Surfrider fundazioarekin elkarlanean antolatu zuten hitzordua, eta Europa mailako OSPAR proiektuan parte hartzen duten Gipuzkoako taldeak saritu eta omendu zituzten, tartean Zumaiena Ikastetxea.

Zumaiako ikastetxeak talde alaiaren saria jaso zuen, eta bertako hainbat ikaslek aipamen berezia ere izan zuten. Alde batetik, Oier Ibargurenek boluntario hiztunenaren saria jaso zuen; bestetik, Irene Olaizola gehien inplikatu den boluntarioa izendatu zuten, eta Alaitz Aramendi berriz, boluntario solidarioena.