Batzar nagusien ezetza sorospen-zerbitzuak kudeatzeko eskaerari

Baleike 2019ko abe. 4a, 16:04

Gipuzkoako bost udalerriek hondartzetako zerbitzuak kudeatzeko eskatu diote aldundiari. Eskaera egin dutenen artean daude Getariako, Orioko eta Zumaiako udalak.

Gipuzkoako zenbait hondartzetako sorospen-zerbitzuaren gaia Gipuzkoako Batzar Nagusietara heldu da aste honetan EH Bilduko taldearen eskutik. Zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzea eskatu dute Mutrikuko, Debako, Zumaiako, Getariako eta Orioko alkateek. Proposamena atzera bota dute, EAJren eta PSE-EEren botoekin. 

Aste honetan bertan gutun bat helarazi dute bost udalerrietako alkateek hedabideetara. Idatziaren bitartez aldundiari eskatzen zioten herri horietako hondartzetako sorospen-zerbitzuaren ardura berak hartzea, edo, hala ez den bitartean,  gutxienez kostuaren %100a bere gain hartzeko. Proposamena herenegun eraman zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietara. Zarauzko Udaleko EH Bilduren zinegotziek ere bat egin zuten eskaerarekin. 

Sinatzaileen izenean aritu da Getariako alkate Haritz Alberdi. Gogoratu zuen herenegun EH Bilduk Batzar Nagusietan egindako eskaera berbera Orio, Mutriku eta Hondarribiko udalbatzarrek ahobatez onartu zutela eta Getaria, Zumaia eta Deban, gehiengoz. "Guztiz arduragabea da gaur EAJk eta PSEk hartu duten erabakia. Ezin da Gipuzkoa ondo gobernatu udalerriei bizkarra emanez, edo okerragoa dena, gure bilera eskaerei ere erantzunik ere eman gabe", esan du Getariako alkateak.

Bere esanetan, Gipuzkoako zerbitzu publikoetan lan egiten dutenen lan-baldintzak duinak izatea "guztion ardura da". "Hondartzen kudeaketak sekulako gastua suposatzen die gure udalei; zerbitzuaren kostua oso handia da biztanleko". Getariako Udalaren kasua jarri zuen adibide bezala. "Aurrekontuaren %3,6az ari gara hitz egiten, eta horregatik eskatu dugu sorospen zerbitzuaren kudeaketak aldundiaren esku egon behar duela, Bizkaian aspaldidanik egiten den moduan", adierazi zuen Alberdik.

Arazoa okerrera

Proposamenaren aurka botatu zuten EAJko eta PSE-EEko batzarkideek; EH Bildukoek eta Elkarrekin Podemosekoek aldeko botoa eman zuten, eta PPko batzarkidea, berriz, abstenitu egin zen. Beraz, Batzar Nagusiek atzera bota zuten EH Bilduk gai honen inguruan aurkeztutako proposamena.

EAJ eta PSE-EEk hartutako erabakia arduragabetzat jo zuen Getariako alkateak. "Arazoak bere horretan jarraitzen du eta erantzun bat garaiz ematen ez badiogu, gero eta handiagoa izango da. Eta ondorioak ez dituzte gure herritarrek bakarrik pairatuko, bertakoen eta mundu osotik datozen bisitarien segurtasunaz ari gara".

Erlazionatuak

GUTUNA: Gipuzkoako hondartzek sorospen-zerbitzu eraginkor bat behar dute

Gilen Garcia, Joseba Palenzuela, Anuska Esnal, Iñaki Ostolaza eta Haritz Alberdi 2019 abe 03 Zumaia