Donostia Buskers jaialdiko finala jokatuko du ostegunean Maria Martinezek

Baleike 2019ko abe. 3a, 17:28

Donostia Buskers jaialdiko bigarren edizioko finalera heldu da Maria Martinez abeslari zumaiarra. Finala ostegun honetan bertan jokatuko du. 

Gipuzkoako ostalarien elkarteak antolatutako jaialdia da hau, eta kalean jotzen duten musikarien lana ezagutzera emateko helburua du. Finalera sailkatzeko saioak urrian egin zituzten, eta Martinezek Intxaurrondon eta Grosen abestu zuen.

Gipuzkoa osoko hogei bikotek hartu zuten parte urriko sailkatze saioetan, eta horietatik bost hautatu ditu epaimahaiak finalerako. Zumaiarrarekin batera Bi Bemol, Olaia Toral, Filipe Court eta Iker Gutierrez arituko dira. Finala ostegunean jokatuko dute, Donostian, Urumea pasealekuan kokatu duten Gabonetako Azokan. 19:00etan hasiko da saioa.