Xake txapelketetan parte hartzeko taldea sortu dute Zumaian lehen aldiz

Baleike 2019ko abe. 3a, 08:05

Lehen urte honetan egindako lanaren balorazio positiboa egin du Kbi xake klubak. Hogei bat haurrek parte hartzen dute klubak astearteetan eta asteazkenetan ematen dituen saioetan.

Eusebio Gurrutxaga enparantza xakeko taula erraldoi bihurtu zen orain urtebete, Zumaiako Kbi xake klubaren aurkezpenean. Gerturatu ziren haurrek joko horren berri izan zuten: peoiek pauso bakarra eman dezakete; alfilek nahi adina, baina, beti, diagonalean. Aurkezpen hark bere etekinak eman ditu, eta gaur egun, hogei bat ume inguratzen da klubak Gurrutxaga plazako gizarte zentroan duen gelara, ikastaroetan parte hartzera.

"Umeekin lan egin zitekeela ikusten genuen, eta horrekin aurrera jarraituko dugu", diote Kepa Aizpurua eta Iñaki Goñi klubeko kideek. Hasi eta berehala, haur andana batu zen saioetara. "Iaz 40 haur inguru etortzen ziren ikastaroetara, baina eskola kirola ere egin behar dute, eta aurten gutxiago etorri ohi dira, hogei inguru. Hala ere, oso pozik gaude emaitzarekin".Ikastaroak astearteetan eta asteazkenetan ematen dituzte. Ostiral arratsaldeetan, berriz, xakean jokatu nahi duten guztiei zabaltzen diete gela, "haurrei zein helduei".

Xakeko txapelketetan parte hartzeko taldea ere sortu du Kbik, "lehen aldiz Zumaian". Beste herrietako klubetan aritzen ziren jokalari batzuk inguratu dituzte. "Fermin Lauroba Zarautzen aritzen zen, eta aurten Zumaian izango da, hemen dugun giroa gustatzen zaiolako. Xabier Aranzabal, berriz, Getariatik gurera etorriko da". Bere garaian xakean aritzen ziren beste herritar batzuk ere animatu dira. "Hasiberriak gara, eta hirugarren mailan hasiko gara, baina talde polita dugu eta mailaz igotzeko aukerak baditugu", diote klubeko kideek.

"Zumaiako haur batzuek maila oso ona dute, baina, berez, 12 urte izan arte ezin dute txapelketetan parte hartu. Helburua taldea bigarren mailan mantentzea da, haurrek jokatzeko adina izan arte", gaineratu dute.

Gabonetako xake txapelketa antolatzea izango dute hurrengo erronka. Abenduaren 26an jokatuko dute txapelketa, Alondegiko Oxford aretoan, eta izen ematea egun gutxi barru zabalduko dute. Helduek zein haurrek parte har dezakete bertan. "Iaz jende asko animatu zen, eta ez genuen espero. Ea aurtengoan ere iazko arrakasta hura errepikatzen den".