Jon Maia: "Sailkatu naizen lehen finala izango balitz bezala poztu naiz"

Baleike 2019ko abe. 2a, 14:07

Finalerako "ilusioz" dago Maia zumaiarra, eta azpimarratu du kartzelako ariketa ona egiteak beti uzten duela "gorputzaldi ona".

Tolosako finalaurrekoa irabazita, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalerako txartela lortu zuen atzo Jon Maia bertsoalriak. Alde handia atera zion bigarrenari (Oihana Iguaran), 494,5 puntu lortuta. Zumaiarrarekin hitz egin zuen Erlo Telebistak saioa bukatzean, eta hark arratsaldeak utzi zuenaren errapasoa egin zuen.

Maiak azaldu duenez, "eroso" sentitu da saioan, eta ariketak "gustura" bukatu zituela azaldu du. "Beti uzten dizu gorputzaldi ona kartzelako lana ondo egiteak". Dena den, arratsaldean zehar "zalantza" sentitu zuela esan du, ez zekielako saioa "goitik edo behetik" zihoan. "Saio barrutik kalkuluak egiten oso txarra naiz. Beraz, bukatu arte ez nengoen erabat lasai".

Finalerako "ilusio handia" duela esan du zumaiarrak, eta "aspaldi sentitu ez duen poza" sentitzen duela. "Niretzat oso garrantzitsua da final honetara sailkatzea. Azken urteetan zailtasun batzuk izan ditut, eta finalera sartzea opari bat da niretzat. Ia lehen finala izango balitz bezainbeste poztu naiz".

Bere buruari finalerako mugarik ez diola jarri azaldu du Maiak, eta "gauza handiak egiteko gogoz" dagoela. Txapelketa honetan, ez zuela  sufritu nahi hasieratik "oso garbi" zuela azaldu du bertsolariak. "Talante horrekin nabil, ondo ateratzen ari zait, eta finalera ere ahal dudan gehien disfrutatzera joango naiz".