Finalaurrekoa irabazita, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izango da Jon Maia

Baleike 2019ko abe. 1a, 21:38
Jon Maia kantari, Tolosako finalaurrekoan. (Bertsozale Elkartea)

Zumaiarrak saio oso ona gauzatu du Tolosako finalaurrekoan, eta egindako lana tarteko, saioa irabazi du. Beraz, datorren abenduaren 14ko finalean izango da.

Jon Maia Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean izango da, gaurko Tolosako finalaurrekoan egindako lanari esker. Saio oso ona gauzatu du zumaiarrak, eta Tolosan gailenduta, finalerako zuzeneko txartela lortu du.

Jendez leporaino bete da Tolosako Usabal kiroldegia, txapelketako azken finalaurrekoa zelako eta jokoan asko zegoelako. Saioa gora-beheratsua izan da, baina bertsolariek utzi dute ale onik ere. Gainerako bertsolariak baino hobeto aritu da Maia gaurkoan, eta epaimahaikideek ere halaxe berretsi dute; izan ere, 494,5 punturekin lehen postuan sailkatu da.

Finalerako puntuazio langa non geldituko zen gakoa, eta gaurko saiotik beste bi bertsolari ere igaro dira txapelketaren azkenera: Oihana Iguaran (471 puntu) eta Beñat Lizaso (469,5 puntu). Haien atzetik sailkatu dira Jokin Uranga (456.5 puntu), Iban Urdangarin (444 puntu) eta Haritz Mujika (432 puntu).

Lan bikaina, Maiarena

Finalari erreparatuz abestu du hasierako agurra Maiak. Hala esan du: "Hogeita hamabost urte txapelketan/ ea bukaera urrun dagoen eta finala bertan". Eta finala bertan du zumaiarrak bikain josi baitu ondoren egindako saio puntuagarria.

Lehen ofizioan, hamarreko handian, torturatzaile bat defendatu behar duten abokatuen roletik abestu dute Oihana Iguaranek eta Maiak. Oso lan ona gauzatu dute, batez ere zumaiarrak. Hala abestu du hark lehen bertsoan: "Egia ta gezur, fiskal eta gu, gara betiko bi bando/ torturatzaile bat salbatzea izan hemengo zein hango/ ez da lehena izango eta ez da azkena izango". Bigarren bertsoaren bukaera ere bikaina bota du hitz jokoa eginez: "Zuzenbidea ez baita beti bide zuzena izaten". Eta hirugarrenean: "Billy el Niño absolbitzea eta bere ibilbide hura/ esan daiteke guztia da haizea, literatura/ gu nola sartu Espainiako estolderia barrura/ estatuaren ernamuinetan sartu dago tortura/ itxi dezagun karpeta behingoz, eztabaida bukatu da".

Beharbada deserosoen zortziko txikian aritu da Maia. Iban Urdangarinekin osatu du ofizioa, honako gai hau hartuta: "Etxea berritu behar zenuela eta, zuk, Iban, Jon langilea kontratatu zenuen. Lanetik etxera itzuli zarenean, sofan topatu duzu". Ez dute asmatu saioaren hariari jarraitzen, nahastu ere egin dira bi bertsolariak. Seiko motza etorri da gero, eta lan polita osatu dute Haritz Mujikak eta biek programa bete ez duten politikarien paperetik.

Dena den, saioaren bukaeran lortu ditu puntu gehien Maiak, hala nola puntukako ariketan eta kartzelakoan. Puntuka Beñat Lizasorekin aritu da, sukaldaritza programa bateko epaimahaikidearen roletik. Berak izan du saioaren gidaritza, proposamenak eginez. Saio benetan bizia osatu zuten biek.

Kartzelakoan egin du arratsaldeko eta saioko lanik onena zumaiarrak. Honako hau izan da Saroi Jauregik jarri dien gaia: "Telefonoak jo du. Begiratu duzu, eta berriz zenbaki bera da". Hautsi den maitasun istorio bat izan du bertsotarako helduleku Maiak, eta rantxera doinuan osatu ditu hiru bertsoak. Emozioekin jokatu du hark, entzulearengana iritsiz. Hala kantatu du lehen bertsoa: "Maitasuna izan leike usteltzen ez dan likore/ maitasunaren lurretan gu izan ginan bi lore/ berak jarraitu nahi zuen nik berriz betiko gorde/ nik ez nun izan nahi baina sentitu nintzan hain borde./ Denbora pasa da eta izan naiteke traidore/ baina berriz daukat deika ze bildur ta ze ohore/ maitasuna eman nahi dit ta ez du eman nahi amore".

Bigarrenean ere ondo harilkatu du bertsoa: "Haseran ilusiotan eman genuen urratsa/ gero lurra malkoekin bilakatu zen lokatza/ nunbait ez da desagertu oraindik gure lorratza/ ta niri begira dauka dei horrek iparrorratza./ Telefonoai begira, gorputzak a ze balantza/ hartu edota ez hartu, bertan utzi edo altxa/ nigan zalantza pizten du ta beregan esperantza". Eta hirugarrenean ere bikain Maia: "Sarri asko pentsatu det mundu triste, mundu hitsa/ dei batek izan dezake etorkizunaren giltza/ ez ginela elkartuko jarri genuen baldintza/ baina jakin-mina dugu barrua jaten dun sitsa/ beraz banoa aurrera, ahaztuz lehengo desditsa/ misterioz beteta dago bihotza eta bizitza/ hainbeste eman zidanari zergatik ukatu hitza".

Maia finalera begira jarri da agurrean, sailkatu izana oparitzat hartu duela esanda. Hala kantatu du hark azken agurra: “Ez naiz irabazle bat izan txapelketan/ baina kantari nabil euskal herrietan/ herri berri batekin beti ametsetan/ ta beti ikasteko itxaropenetan/ finala hau oparitzat hartzen det benetan/ ta opari gisara emango det bueltan”.

Finala abenduaren 14an

Finalean ariko diren zortzi bertsolariak zeintzuk diren zehaztuta dago finalerdien fasea bukatuta. Horrenbestez, abenduaren 14an, larunbatez, Donostia Arenan (Illunbe) kantatuko dute Agin Laburuk, Beñat Gaztelumendik, Jon Maiak, Alaia Martinek, Ane Labakak, Oihana Iguaranek, Beñat Lizasok eta Nerea Elustondok. Finala 17:00etan hasiko da, eta harako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.