Orduan bai

Julian Rubio Urbieta, zumaiar bat Australian eta munduan

Zumaiatik apenas urrundu garenok, inguruetan bilatu eta aurkitu ditugu abenturak; beste batzuk, berriz, mundu osoan ibiliak dira, eta pozik kontatzen dituzte bizitakoak. Horietako bat dugu Julian.

1945ean jaio zen, Zunbilo kalean. Gurasoak Julian eta Dolores zituen; aita Gerra ondorenak ekarri zuen Zumaiara, Hotel Amayan zegoen ospitalera, eta hemen ama ezagututa, ezkonduta Madrilera joan ziren bizitzera. Baina hura ez zitzaion gustatu amari, eta atzera Zumaiara bueltatu ziren; aitari ezizena ere geratu zitzaion, ordea, bidaia hartatik: Madriles.

Ama etxeko lanetan aritzen zen, eta aita Otto Holken, baina kamarero ere ibiltzen zen tabernetan, sos batzuk irabazteko aldera. Hasierako Zunbilo kaletik Arritokietara joan ziren, Goiko Torre ondoko zinkunegitarren etxera (Amasenekoa); ordurako, jaiota zeuden Arritxu eta Julian bera, eta gero etorriko ziren beste 4 anaiak. Julian akordatzen denez, inguruko etxabe askotan animaliak hazten zituzten: oiloak, txerriak, behiak, konejuak…, eta gogoan dauka, adibidez, nola jotzen zuten garia makinarekin Añezkoaren eta Kastorrenekoaren artean; umetako jolas eta ibilerekin ere akordatzen da: Goiko plazan eta azokan, udaletxeko arkupean, Arriketan… Etxerako “materiala” ere karreatzen zuten, batez ere sutarako: egurra hondartzetatik edo txirbila aroztegietatik, ikatza Moilaberriko trenbidetik… “Esku hutsik ez ginen bueltatzen orduan etxera!”. Eskolaz galdetu diot: “Txikitan eskola batera joan nintzen, ume txikientzakoa, Harategiko kalera, eta irudipena daukat euskaraz zela; gero, Mertzedarioetara, eta handik Arrangoletara, haietan dena erdaraz. Etxean beti euskaraz egiten genuen, eta aitarekin erdaraz, ez zekien eta”.

Rubio Urbieta familia, osorik, 1957 inguruan. Ezkerretik eskuinera, Arritxu, Pello, Dolores (ama), Luis Mari (besoetan), Julian (atzean), Julian (aita), Fernando (aurrean) eta Migel Mari.

1955ean, Rubio Urbieta sendia Arrangoletara aldatu zen, Casasbaratasera, eta 1957-1960 artean Julianek ikasketa profesionala egin zuen Virgen de Arritokietan (Alondegian); ikasketak bukatu orduko, Juaristi tailerrean, ofizinan hasi zen lanean: “Denetarik egiten nuen: pedidoak egin, fundizioetara joan, planoak atera eta abar”. 1965ean itxi egin zuten, eta Azpeitian hasi zen lanean; gainera, lan egin bitartean, “delineante general” ikasi zuen, urrutitik, posta bidez: ”Lan egin 10 ordu, etxera joan eta ikasi egin behar beste lau… Ederra gogoa!”, baina atera zuen titulua.

18 urte zeuzkanerako alde egin nahi zuen Zumaiatik, baina aurretik soldadutza egin zuen, boluntario, Madrilen, abiazioan. Zergatik alde egiteko hainbesteko gogoa? “Hemengoa ikusita neukan. Urteak lanean eta ez neukan dirurik. Orduan bestela zen: dirua amari, eta hark paga. Amak ere joateko esaten zidan: ‘Joan hadi, eta etorri behar baduk, hau beti hemen egongo duk’. Zerbait diferentea ikusi eta ikasi nahi nuen, eta ez naiz damutzen”. Osaba-izebak zeuzkan Hego Afrikan, eta hara joatekotan zela, haiek esan zioten egoteko pixka bat, Australiara joan behar zutela eta.

Julian aita kamarero ere ibiltzen zen, eta horregatik dago hain elegante, zuriz, erdian. Julian eta Arritxu anai-arrebak aurrealdean daude, Elgoibarreko UMORE ONAkoekin eta beste zumaiar batzuekin. 

Hogeita bost urterekin, 1970ean, han abiatu zen, Australiara. Hasieran, automobilgintzan aritu zen lanean, Chrysler-en, baina gero lan mekaniko eta errepikakorretan jarri zuten, eta aspertu egin zen. Orduan, beste lau mutilekin batera, abentura bati ekin zion: Australian zehar bidaiatzea, tartean lan eginez (fruta biltzen, tabakoa jasotzen…); Julianek dioenez, erraza omen zen lana aurkitzea, eta horretan laguntzeko liburuak ere bazeuden. Julianek garbi zeukan bidaia hura non amaitu nahi zuen: meategiren batean lanean. Azkenean, lortu ere egin zuen hori, minetako lokomotoren freno sistemak konpontzen hasi baitzen lanean, 1972an, atari zabaleko munduko burdin meategi handienean. Gogoan dauzka laneko lokomotora handi haiek: “3.600 zaldi zeuzkaten, eta hiru kilometro luzeko bagoi ilarak eramaten zituzten, mineralarekin; haien freno nagusia konpontzeko, 40 orrialdeko formularioa bete behar nuen, txekeatuta”. Enpresak bizitokia jartzen zien, minimoa ordaintzen zuten, eta hortxe aurrezten zuten dirua. Zumaiarekin loturaz galdetu diot, nola zekien hemengo berri: “Karta bidez, hilean behin edo. Telefonorik-eta ezer ez”. Eta nola moldatzen zen ingelesez?: “Korrespondentziaz ikasi nuen, han. Joan nintzenean ez nekien ia ezer, hitz batzuk besterik ez”.

Han inguruan bidaia batzuk egin zituen (adibidez, Malaysiara), baina hurrengo bidaia handia 1978an hasi zuen, Zumaiara bueltan, 6 hilabetean: hasieran, itsasontziz eta hegazkinez, Bali, Java, Sumatra, Thailandia, Birmania, India eta Nepal ezagutu zituen, eta han Magic Bus izeneko autobus berezi bat hartuta, Londreseraino joan zen, bidean geldialdiak eginez, hainbat herrialdetatik pasata (Afganistan, Iran, Turkia, Grezia, Jugoslavia…). Ingalaterran itsasontzia hartu eta Santanderrera joan zen, eta handik Zumaiara, trenez. Inori ez zion abisatu bazetorrenik, eta estaziotik, motxila handia bizkarrean, oinez etorri zen Arrangoletako etxera. “Ni izango nintzen lehen zumaiarra galtza motzekin ibiltzen, orduan helduek ez zituzten janzten”, dio barrez. Sei urteren ondoren, ez zuen alde handirik nabaritu herrian: artean txikiteoa egiten zen, jendea gora eta behera Erribera kalean…

Erabilitako pasaporte guztiak gordeta dauzka Julianek, hainbat herrialdetako zigiluz bete-beteak. Hau da horietako bat.

Zumaian hilabete batzuk pasata, berriz ere Australiara bidean jarrita, Israelera joan zen, eta bi hilabeteko egonaldia izan behar zuena zortzira luzatu zen, dokumentazioarekin arazo burokratikoak izan zituelako; justu-justu iritsi zen Australiara, bisatua bukatu baino lehen. Berriz ere zenbait hilabetez burdin meategian lan egin ondoren, beste bidaia handi bat prestatzen hasi zen 1983an: Ushuaiaraino (Argentinaren hego-hegoan, Patagonian), urtebetean; baina behin abiatuta, bi urte iraun zuen bidaia hark, eta hurrenez hurren bisitatu zituen Zeelanda Berria, Cook uharteetara, Tahiti, Estatu Batuak eta Amerika oso-osorik goitik behera, ia herrialde guztietan geldialdiak eginda, beheraino, eta gero atzera gora egin zuen, Brasil, Venezuela, New York eta Londres, Zumaiara bueltatu aurretik. Ez da erraza laburtzea begiek ikusitako guztia: naturaren mirari ikusgarriak, lehengo zibilizazioen hondakinak… Kuelap du bereziki gogoan, Perun, inpresionatuta utzi zuelako toki hark. “Peligrosoena, dudarik gabe, Kolonbia; eta Perun, behin, komisaria bateko kalabozoan egin nuen lo, kalean egitea arriskutsua zelako”.

Estrasburgora ere iritsi zen 2006an, mobilizazio batean, beste zumaiar batzuekin, eta LAB sindikatuaren aldizkariko portadan azaldu ziren Bakarne Gorostola eta biak.

Zumaian egonaldia egin ondoren, atzera Australiara bueltatu zen 1986an, baina aurretik Nepalen geldialdia egin eta beste zumaiar batzuekin Himalaia aldean ibili zen. Australiara bueltatuta, eta lan eginda, Tasmania aldera ere iritsi zen, eta han artean inork gutxik zapaldutako parajeak ezagutu zituen. Han zegoela, 1989an Antartikara joateko espediziorako paperak bete zituen; hasieran onartu zuten, baina jende asko apuntatu zela eta, bigarren pasean kanpoan utzi zuten. Australiara bueltatuta, urre meategi batean aritu zen, mantentze lanetan. Baina 1990ean Zumaiara bueltan etorri zen, arrazoi garrantzitsu batengatik: “Aita gaixorik zegoen, eta amak esan zidan bizirik ikusi nahi banuen, etortzeko. Garaiz iritsi nintzen”. Harrezkero, ez du egin lehengo bidaia handirik, “Ikusi beharrekoa ikusita daukat”, dio, irribarretsu, eta gaur egun Nafarroako iparraldean daukan baserriaren eta Zumaiaren artean bizi da, nahikoa entretenimendurekin.

Bidaietako milaka diapositiba omen dauzka, eta dena dokumentatuta, paperekin, noiz eta non izan zen, liburuak eta liburuak idazteko adina material, baina denborarik ez. Tentatu ere egin nau, ea ez ote nintzatekeen animatuko idaztera…