Irudietan: Euskaraldiko bizipenak eta desioak saretu dituzte

Baleike 2019ko aza. 30a, 13:43

Urtebete pasatu da lehen Euskaraldia egin zenetik, eta beste urtebete falta da bigarrenerako. Batetik besterako ibilbidearen erdian, antolatzaileek bizipenen eta desioen hausnarketa-ariketa egitea proposatu dute, hainbat herritan egin dutena, Zumaian kasu.

Eguraldiak ez du gehiegi lagundu jai giroan ospatu nahi zuten ekitaldia biribiltzen, baina, azkenean, Torreberriko aterpea babesleku hartuta, bertan elkartu dira herriko hainbat lagun. Trikitilarien erritmora, pixkanaka-pixkanaka herritarrak beraien bizipenak eta desioak idazten hasi dira papertxoetan, ondoren horman zintzilikatuta zegoen sarean jartzeko.

Jarraian, ekitaldiari heldu diote: herriko hainbat eragilek beraien bizipenak eta desioak irakurri dituzte ozen, Torreberriko aterpearen goiko aldetik. Bukatzeko, Iñaki Ostolaza alkateak eta udaleko euskarako batzordekide Kristina Vicentek egoera honetarako Kike Amonarrizek idatzitako manifestua irakurri dute.

Amaitzeko, mokadutxoez eta saldaz gozatzeko parada izan dute bertaratu direnek.