Kauldi Odriozola: “Momentua gozatzen jarraitu nahi dut eta egunen batean Bartzelonarekin liga lehiatu”

Jabi Gonzalez Toston 2019ko aza. 30a, 09:53

Ia bost urte igaro dira jada, Kauldi Odriozolak (Zumaia, 1997) Pulporekin jubenil garaia amaitu eta Bidasoarekin sinatu zuenetik. Beste lau urte jarraituko ditu gutxienez bertan; izan ere, 2023. urtera arte berritu du kontratua orain gutxi.

Irunen igaro duen epean poz ugari izan ditu Zumaiako eskubaloi jokalari gazteak. Aurtengoa denboraldi berezia du, gainera, ASOBAL ligan laugarren denboraldia izateaz gain, Txapeldunen Liga ari da eta jokatzen. Hori gutxi ez eta Espainiako selekzio nagusira ere deitu dute. Argentinan izan berri da lau nazioen txapelketa lehiatzen. Bidaia egin aurretik jarri zuen Baleikek hitzordua Kauldirekin. ASOBAL ligako Cuencaren aurkako partidaren biharamunean.

Maila aparta ematen ari da Bidasoa txapeldunen ligan: C multzoko liderrak dira partida bakar bat galdu gabe. Espainiako liga gorenean aurrez jokatutako hiru denboraldiek bertan erabat egonkortzeko balio izan diote Kauldiri. Debuta egin zuen denboraldian, hasiberri onenaren saria jaso zuen, eta hurrengo bietan, ligako jokalari onena izan da bere postuan, muturreko eskuin hegalean.

Bosgarren denboraldia duzu Bidasoan Pulpotik atera zinenetik. Nola ikusi duzu zure garapena epe horretan?

Oraindik gaztea naiz, baina dagoeneko ez naiz 18 urterekin iritsi zen umea. Helduagoa naiz. Denboraldiz denboraldi neureganatu dudan esperientziak lagundu dit horretan. Maila amateurretik abiatuta, profesional jokatzera pasa nintzen. Zilarrezko mailan hasieran, baina asko ikasi nuen lehen denboraldi hartan. Pulpon txikitatik hegaleko jokalaria (laterala) izatetik, muturreko hegalean (extremo) jokatzera pasa nintzen. Jaurtiketa zen nire gabezia handiena, ez negoen ohituta. Horixe landu behar izan nuen entrenamenduetan saltoarekin batera. Orain hegalean hasi naiz berriro ere minutuak izaten, eta, egia esan, bi postuetan nago eroso.

Pertsona modura aldatu da Kauldi?

Nik baino, nire inguruak hobeto erantzungo lioke galdera horri, agian. Hala ere, uste dut, Zumaiatik atera zen pertsona bera naizela, langilea. Adinean aurrera egin dudan heinean, aldatuko nintzen noski, baina esango nuke gazte baten garapen arrunta izan dudala. Uste dut orain arte emandako urratsak eta hartu ditudan erabakiak egokiak izan direla. Presaka ibili gabe hartutakoak.

Eta nolakoa zara aldagelan? Talde gaztea duzue, bost jokalari besterik ez 30 urteak beteta dituztenak.

Duela gutxi arte taldeko gazteena nintzen, eta baloiak eramatea tokatzen zitzaidan, besteak bete. Orain, libratu naiz [barrez]. Dena den, beti egon naiz eroso taldekideekin, bat gehiago naiz. Oso harreman ona dugu guztiok eta gustura nago aldagelan dugun giroarekin. Txantxa asko egiten diogu elkarri bidaietan zehar eta entrenamendu aurretik zein gero dezente gara kafea hartu edo afaltzeko elkartzen garenak. Ez dakit ASOBAL ligako beste talde batzuetan zer nolako harremana izango duten jokalarien artean, baina esango nuke gure aldagela dela giro onenetakoa duena alde horretatik. Hori jokatzeko orduan ere islatzen da. Guztiok helburu bera dugu, taldeak partida irabaztea. Norberak sartzen duen gol kopuruak ez du garrantzirik.

Adinari dagokionez, uste dut taldea oso ongi konpentsatuta dagoela. Zaharrenak diren jokalari horiek garrantzitsuak dira oso. Esperientzia handia dute eta momentu zailetan lasaitasuna transmititzen digute.

Orain gazteena ez bazara ere, gazteenetarikoa izaten jarraitzen duzu. Era berean, taldean denbora gehien daraman jokalarietako bat zara, eta kanpotik lider itxura transmititzen duzu. Partidak aldapan gora jartzen direnean ardurak hartu eta taldea bizkarrera botatzen duenetakoa, lehiakorra. Hala sentitzen zara?

Horrelako momentuak gustatu egiten zaizkit, egia esan. Ez naiz kontsideratzen momentu erabakigarrietan atzera egiten duen jokalari bat. Dena den, jokalari guztiak gara garrantzitsuak. Ez dut uste ni naizenik partida berdinduta doanean ardura hartzen duena beti. Askotan niri egokitu zait, bai, baina une horretan jokatzen ari den edonork har dezake.

Pasa den denboraldian inflexio puntua izan zuen klubak. Bigarren gelditu zineten ligan, ezustekoa emanda, Bartzelona ahalguztidunaren atzetik. Liga irabaztea bezala da hori, ezta?

Egunen baten Bartzelonarekin liga lehiatu nahiko genuke, baina gaur egun duten mailarekin hori oso zaila da. Partida guztiak irabazten dituzte denboraldi guztietan, eta esan daiteke haien atzetik sailkapenean bigarren geratuta “gure ligako” txapeldunak izan ginela. Inork ez zuen espero, ezta guk ere. Aurreko bi denboraldietan taula erditik behera geratu ginen eta berrirako bagenekien talde ona osatu genuela. Denboraldi aurrean eta lehen itzulian erakutsi genuen, baina ez genekien noraino irits gintezkeen. Gure aukeretan sinesten genuen, baina ez genuen espero amaierara arte bigarren postuari eustea. Defentsa aldatu genuen batez ere, eta izan zuen bere emaitza [707 gol jasota, gutxien jaso zituena izan zen Bidasoa, Bartzelonaren aurretik].

Bigarren postu haren ondorioz Bidasoa Txapeldunen Ligara itzuli da 24 urteren ondoren. Nolako esperientzia ari da izaten?

Datorren denboraldirako txapelketaren formatua aldatuko dute eta talde gutxiago izango dira (16 besterik ez, aurten 28 dira). Bederatzi liga nagusietako txapeldunek jokatuko dute eta aukera gutxiago izango dira gainerakoentzat. Gurean Bartzelona edukita, pasa den denboraldian bigarren geratu eta gonbidapena jasotzea zen Txapeldunen Liga jokatzeko geratzen zen ia aukera bakarra. Bete genuen eta esperientzia bikaina ari da izaten. Irunen zein kanpoan jokatu ditugun partidak ezberdinak izan dira. Beste maila batean ari zara lehiatzen eta Europa osoan zehar bidaiatzen. Gainera, orain arte ez dugu partida bakar bat ere galdu eta gu zein zaleak itxaropentsu gaude. Gozatzen ari gara. Hala jarraitu nahi dugu.

Txapeldunen Liga jokatzeak badu bere alde txarra ere. Astean bi partida jokatu behar dituzue orain, eta, beraz, denbora libre gutxiago duzue. Nola daramazu hori?

Ikasketei tartea eskaintzeko arazo gehiago ditut aurten eta Zumaian denbora gutxiago pasatzen dut. Partida, bidaia eta entrenamenduekin etxetik kanpo denbora asko pasatzen dut eta lagunekin ez naiz lehen bezainbeste egoten. Urriaren azken asteburuan bazirudien aspaldiko partez lau egun izango genituela jai, baina Espainiako selekzioaren deia jasota, orduan ere atsedenik ez, azkenean. Beste bidaia bat, Argentinara kasu honetan Lau Nazioen txapelketa jokatzera, Polonia, Errusia eta etxeko selekzioaren aurka. Baina, tira, nahiago dut jai ez izatearen arrazoia hori izatea. Azken batean, pozgarriak dira horrelako deiak eta uste dut merezi duela aurten bizitzen ari naizen esperientziak.

Jokalari profesionalek horrelako “sakrifizioak” egin behar dituzue sarri, kanpotik bestela ikusten bada ere, ezta?

Askok esan didate inbidia didatela kirol jakin bateko jokalari profesionala izateagatik. Niri eskubaloia gustatzen zait, eta momentu honetan horretatik bizi naiteke. Zentzu horretan, zortekoa naiz oso. Baina egia da profesionalki jokatzea edo afizioz ez dela gauza bera. Ardura handiagoak dituzu. Egun txarra izan arren, ondo jokatu behar duzu, eta partida txar bat egiteak ere beste garrantzi bat du. Profesionala zarenean buelta gehiago ematen dizkiozu huts egin duzun jaurtiketa bakoitzari, adibidez. Prestaketa ere beste bat da. Astean bi partida jokatuta guztietara heldu behar duzu fisikoki ahalik eta ondoen. Errekuperazio zein indartze ariketak egin behar ditugu astero, eta tartean bidaia luzeak ditugu. Gogorra egiten da azkenerako.

Kirolari profesionalei gerta dakizuekeen txarrena min hartzea izan ohi da, lesio larri bat izatea. Hori saihesteko prebentzio lanak bereziki garrantzitsuak izango dira aipatzen duzun prestaketa horretan, ezta?

Eskubaloia fisikoki kirol gogorra da, kolpe asko izaten dira. Gu ohituta gaude tarteka lesioak izatera eta minez jokatu behar izatera, ofizioaren parte da. Nik, zorionez, ez dut izan bost edo sei hilabetez jokatzea galarazten dizun belauna apurtzea edo sorbalda ateratzea bezalako lesio larririk, eta hala jarraitzea espero dut. Pasa den denboraldian izan nuen orain arteko lesio larrienetako bat. Txorkatilako lotailu bat hautsi nuen eta sei bat astez izan nintzen jokatu gabe. Bizkorregi itzuli nintzen kantxara, eta kosta egin zitzaidan maila berriro ere hartzea. Partida ondorengo errekuperazio lanek eta muskuluak indartzeko lanek asko laguntzen dute lesioak saihesten, baina zorteak ere jokatzen du bere papera. Askotan ez dago zure esku jauzi baten ostean gaizki zapaltzea, adibidez, eta postura txar batean erortze horrek lesio larria eragin dezake. Jokalari gazteen kasuan lesioekin zortea izatea garrantzitsua da oso. Ezagutzen ditut etorkizun oparoa aurreikusten zitzaien jokalariak, baina lesio larri batek euren garapena bertan behera utzi dutenak.

Etorkizuna aipatuta, non ikusten da Kauldi hemendik urte batzuetara? Pentsatu duzu inoiz kanpora ateratzea, atzerrira?

Momentuz oso gustura nago Bidasoan. Zaila litzateke toki hobea aurkitzea, etxean egoteko aukera dut, nire ingurukoengandik gertu, eta Txapeldunen Liga ari naiz jokatzen maila handia erakusten ari den talde batean... Guztia dut hemen. Eskaintza on bat helduko balitz, agian pentsatuko nuke, baina hasieran esan bezala, urratsak pixkanaka egitea gustatzen zait. Hemen ezin hobeto nago, proiektu honetan jarraitu nahi dut [gogoratu, 2023ra arte berritu berri duela] eta momentua gozatu.

Motxean

Bidasoa ez den talde bat? Bartzelona.

Artaleku ez den jokaleku bat? Leon.

Jokalari gogokoena edo erreferentea? Bat baino gehiago, jokalari askotan fijatzen naiz. Txikitan, gehiena, Mirza Dzomba.

Eskubaloiaz gain gogoko duzun beste kirolen bat? Bodyboarda.

Hobby edo zaletasun bereziren bat? Itsasoarekin erlazionatutako edozer.

Selekzioarekin edo Bidasoarekin bidaiatzean ezagutu duzun herrialde edo hiri gustukoena? Göteborg eta Copenhague.

Betetzeke duzun ametsik? Espainiako selekzio absolutoarekin txapelketa nagusiren bat jokatzea (Europakoa, Mundukoa edo Joko Olinpikoak), eta Bidasoarekin tituluren bat irabaztea.