Nerea Arrien: "Ipuina mendeku txiki bat da kostaldean bizi izan dugun kostunbrismoari"

Baleike 2019ko aza. 29a, 12:31

Julene Azpeitia 32. ipuin lehiaketako sariak banatu zituzten atzo Alondegian egindako ekitaldian. Jarraian, Maite Larburuk kontzertua eskaini zuen. 

60 lan aurkeztu dituzte aurtengo ipuin lehiaketara, horietatik sei herriko idazleek sortutakoak. "Ez da uzta txarra", azpimarratu zuen Josune Herrarte udaleko euskara teknikariak atzo arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan egindako sari banaketa ekitaldian. Nabarmendu zuen, baita ere, hiru sarituak emakumeak zirela, "iaz ere izan zen bezela. "Egunen batean ez da aipatzeko modukoa izango hau".

Josu Waliñok, Ana Urkizak eta Castillo Suarezek osatutako epaimahaiak Nerea Arrien Elordiri eman dio lehen saria, Kaxarranka ipuinari esker. Arrienek eskerrak eman zizkion udalari, eta azaldu zuen ipuina "mendeku txiki" bat dela kostaldean bizi izan dugun kostunbrismoari. "Idazteko modu guztietan beti dago gatza, eta zumaiarrok ulertuko duzue, itsasoarekin harreman hormonala dugulako".

Maite Arruti Arakistainek lortu du bigarren sariaToxikoa lanagatik. "Osasuna ardatz bihurtu da gizarte honetan. Nola zaintzen dugun ahotik sartzen duguna, eta zer gutxi harremanak, askotan ere toxikoak direnean", adierazi zuen sari banaketa ekitaldian.

Nerea Eizagirre Telleriak jaso du zumaiar onenaren saria. Idazlea Estatu Batuetan da, Reno hirian, eta ahizpa Elenek jaso zuen saria. Nerea Eizagirrek igorritako oharra irakurri zuen. Halako aitorpenek idazten jarraitzera animatzen dutela azaldu zuen oharraren bidez. 

Ekitaldia amaitzeko Maite Larburu musikari eta abeslari hernaniarrak kontzertua eskaini zuen. Hezurren azpian diskoa aurkeztu zuen musikariak zuzenean.