Zumaian amaituko dira gizonezkoen Xistera Zirkuituko kinielak

Baleike 2019ko aza. 27a, 15:26

Larunbatean Zumaian jokatuko da hirugarren faseko azkeneko saioa, kinielei amaiera emanez. 

Gizonezkoen Xistera Zirkuituan gauza asko daude erabakitzeko, baina bere amaierara heltzen ari da dagoeneko lehiaketa. Larunbatean, Zumaian 16:00etatik aurrera jokatuko da hirugarren faseko azkeneko saioa, eta honekin amaituko dira aurtengoz kinielak. Faseari amaiera emateko, Tolosako finala eta zirkuituko finalerdiak jokatuko dira, eta final handiarekin borobilduko da zirkuitua.

Jokatuko diren hiru mailetan ez da emozio faltarik izango: lehen eta bigarren mailetan bi kiniela jokatuko dira 15 tantora; hirugarren mailan, berriz, hiru kiniela jokatuko dira 10 tantora. Antxon Alberdi lehen mailako jokalaria eta Eñaut Urresti hirugarrenekoa jadanik final handirako txartela lortuta daude.