[GUTUNA] Gernikako Arbola

Rafael del Pilar Zufia 2019ko aza. 27a, 08:13

Haren azpian deitzen zituzten Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusiak, beren legeak “usadio eta ohitura” batzuen arabera gobernatzeko, ondoz ondo idatzitako foru bildumetan idatziak.

1876ko uztailaren 21eko Espainiako Legeak abolitu egin zituen foruak, eta harrezkero Gernikako Arbola edo haritza Euskal Herriaren libertateen eta tradizioen ikur ikusgarriena bihurtu zen. “Gernikako Arbola” abestia gure herriaren nostalgiaren eta itxaropenen adierazpidea da, euskal libertateen himnoa; 1853an idatzi zuen Iparragirrek, eta horregatik epaitegietan prozesatu ondoren, erbestera alde egin behar izan zuen.

“Zuhaitza lurraren bizitasunaren eta eskuzabaltasunaren ikurra da; indarraren eta babesaren irudia da; fruituetako haziei esker irauten duenez, betierekotasunaren ezaugarria da; erreferentzia da paisaian, eta urtaroen zikloa markatzen du; ernaberritzen den itxaropenaren irudi poetikoa da. Gernikako Arbolan antzinatik datozen euskal libertateen ikurra eratu du historiak, irauteko eta garatzeko gai diren haritzen belaunaldi gisa” (Guía de Lugares Simbólicos),

Gernikako haritzaren sinbolismo hori mundu osoko zuhaitzei aplika dakieke, berdin mendikoei, basoetakoei… edo “Zumaiako herrigunekoei”. Zumaiak galdu egin du bere Gernikako arbola. Aurreko udalbatzen utzikeriak eta eraginkortasun ezak hil zuten. Euskal sustrai sakonekiko erakusgai sinboliko kutunarekiko enpatia gabeziak hil zuen. Hiltzen lagundu zuen, halaber, lekurik egokienean ez jartzeak; izan ere, zegoen tokian karabana, ibilgailu astun, barraka… ugari biltzen dira, Gernikako Parkeko auzotar, animalia eta zuhaitzek poluzio akustiko itogarria jasan behar izaten dute, eta gure arbola non eta dezibelio zurrunbiloaren erdi-erdian. Hori gutxi balitz, gainera, txiringitoetan peluxeei eta bestelako jostailuei “bizia” emateko erabiltzen diren piletako askok Urola ibaiko basetan bukatzen dute, eta urak kutsatu egiten dituzte larriki. Hartzen al da babes neurririk?

Berriz ere gure Iparragirre maiteak adierazitako bideari helduko diot, bihotz-bihotzetik adierazitako bertso honen bidez:

Gernikako Arbola

Da bedeinkatua

Euskaldunen artean

Guztiz maitatua

Eman ta zabaltzazu

Munduan frutua

Adoratzen zaitugu

Arbola santua

 

Pena handiz adierazi nahi dut, bai, ez gaudelako geure onenean, oso eskas gabiltzalako batez ere gure iraganeko edo duela gutxiko historiaren zati batzuk babesteko orduan. Izan ere, garrantzi handiegia ematen diogu “kultura materialista” alienatzaileari, eta aitzitik, bizkarra ematen diegu neurri handi batean gure orainaren oinarri eta argi izan ziren balioei.

Gure “Gernikako arbolak” hiltzen uzten baditugu, zer fruitu emango diote Euskal Herriari? Zer etorkizun izango du gure herriak?

Nik ez dakit; baina gure bardo ospetsuak ikusiko balu geure bihotzetan daukagun “udaberri isil” tamalgarri eta ezkorra, uste dut penaren penaz hilko litzatekeela… edo lotsaren lotsaz.