Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du Gertuk

Baleike 2019ko aza. 26a, 17:37

Erakusleihoen dekorazioan egiten den ahalegina aitortu nahi du. Abenduaren 5era arte izango dute merkatariek izena emateko aukera. 

Gabonak hurreratzen ari dira dagoeneko, eta urtero bezala, Gertu Zumaiako merkatari eta ostalarien elkarteak herriko saltokien arteko erakusleiho lehiaketa antolatu du. Erakusleihoen dekorazioan egiten den ahalegina aitortu nahi du lehiaketak. Herriko merkatariei zuendu diete parte hartzeko deialdia, merkataritza-jarduera edozein delarik ere.

Parte hartzen duten komertzioen erakusleihoek abenduaren 9rako egokituta egon beharko dute, eta ezin izango dute dekorazioa abenduaren 26ra arte kendu. Parte-hartzaile bakoitzak izango duen akreditazioa ongi ikusi beharko da erakusleihoan; hala ez bada, epaimahaiak lehiaketatik kanpo utzi dezake saltokia. 

Izen-ematea, sariak eta balorazioak

Izena emateko, bi bide izango dituzte merkatariek: Gertu elkarteko telefono zenbakira (638 004 576) deitu edo mezu bat idatzita egin ahal izango dute, edo zumaiaelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. 

Lau lagunez osatutako epaimahaiak bi sari emango ditu: 300 euro eskuratuko ditu lehenak; 200 euro, bigarrenak. Herritarren saria, 100 eurokoa, Facebook bidez egingo duten bozketan erabakiko da. Abenduaren 26an 12:00tan bozka gehien dituen erakusleihoaren argazkiak irabaziko du, hain zuzen ere, herritarren saria. Aldi berean, bozketan parte hartzen duten herritarren artean lehiaketan parte hartu duten saltokietan erabili ahal izango den 100 euroko erosketa bonoa zozkatuko dute Gertukoek. Abenduaren 31n izango da sari banaketa ekitaldia, Binakako lasterketaren ondoren.