Aste honetan aurkeztu dute Zubi egitasmoaren V. deialdia. Bertan izan zen Miriam Romatet Zumaiako Udaleko Kultura teknikaria. Euskal antzerki sortzaile berriei laguntzeko sortu zen egitasmoa 2012an, eta pozarren erabaki hori berretsiz aurkeztu zuten Zumaian ere lur hartuko duen proiektua.
Euskal sortzaile berriei bultzada emateko proiektua da, eta Zumaiako Aita Mari Antzokiarekin batera, Durangoko San Agustin Kulturguneak, Kultur Leioak, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoak, Zornotza Aretoak, Kulturaz Azpeitiako Kultur Kooperatibak, Elorrioko Arriola Antzokiak, Hendaiako Mendi Zolan Kulturguneak eta Artedramak laguntza eskainiko diete artista edo konpainia bati, euskarazko antzerki obra bat sortzeko.
"Hastapen prozesuan dauden aretoko eta formatu txiki edo ertaineko proposamen artistiko berritzaileen bila" ari dira ekimenaren sustatzaileak, "testua duten kasuetan, euskaraz izango dutenak". Ekimen honen bidez, euskal artista eta konpainiei "profesionalizaziorako bidea erraztu" nahi diete antolatzaileek, "sorkuntzaren beharretara egokituko den laguntza emanez".
Hautatutako antzezlana sorkuntza prozesuan "babestu, bultzatu eta laguntzeko" konpromisoa hartu dute Zubi egitasmoko kideek. Agerraldian azaldu zuztenez, laguntza "globala" izango da, eta obrak dituen beharretara egokitua.
Laguntza horren barruan, hautatutako obraren estreinaldia ekimenaren barruan dauden antzokietako batean egiteko aukera eskainiko dute. Horrez gain, antzoki guzti horietan ere eskaini ahal izango dute obra. Antzezlanaz gain, sorkuntza prozesuko gastuak ordaintzeko ekarpen ekonomikoa egingo dutela iragari dute. Entseguak egiteko aretoak ere erabilitzeko aukera emango dute, baita egonaldiak egitekoa ere.
Proposamenak, abenduaren 13ra arte
Proposamenak aurkezteko zubi.eus orrialdeko formularioa bete daiteke, edo ehkozubi@gmail.com helbidera bidali. Azken eguna abenduaren 13a izango da, eta hautatutako antzezlanaren estreinaldia 2020-2021eko neguan izatea aurreikusi dute antolatzaileek.