Udal Gobernuak 2020ko aurrekontu proiektua aurkeztu du

Baleike 2019ko aza. 22a, 15:05
Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotzia, Arantxa Gajate Ogasun zinegotzia eta IƱaki Ostolaza alkateak. (Argazkia: Baleike.eus)

Guztira, 14,5 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu dute. Proiektu horien bitartez, zumaiarren bizi-baldintzak hobetzeko proiektuak garatzea da Udal Gobernuaren asmoa. 

2020ko aurrekontu proiektua aurkeztu dute gaur Udal Gobernuko kide Iñaki Ostolaza alkateak, Arantxa Gajate Ogasun zinegotziak eta Maider Alberdi Berdintasun eta Parte Hartze zinegotziak. Azaldu dutenez, zumaiarren bizi-baldintzak hobetzeaz gain, Zumaia "bizitzeko moduko herria" izan dadin urratsak emateko urratsak eman nahi dituzte aurrekontuan jasotako proiektuen bitartez. 

Guztira, 14.548.768,95 euroko aurrekontua aurkeztu dute -horietatik 1.329.728 Kirol Patronatuari dagozkio-. Beraz, 2019ko aurrekontuarekin alderatuz, % 0,63ko igoera izango luke, 90.787,95 euro gehiago, hain zuzen ere. "Ahalik eta gehien exekutatzea" izango da datorren urterako helburuetako bat, Gajateren hitzetan. Egingarriak diren proiektuak martxan jarri nahi dituzte, zuhurtasunez jokatuz, beti ere. Bestetik, arlo ekonomikoan diru-sarreren eta gastuen orekari eutsi nahi diote. 

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra herritarrekin berritzea izango da agintaldi honetan Udal Gobernuak izango duen zeregin nagusia. Datozen urteetako Zumaiaren irizpide nagusiak zehaztuko ditu planak, lurralde antolamenduari dagokionez. 2020a azterlanak egiteko baliatuko dute, ondorengo urteetan proiektu horiek martxan jarri ahal izateko. Guztira, 256.000 euro bideratu nahi dituzte azterlanetara. Besteak beste, Puntanuetako etxebizitza babestu berrien proiektua desblokeatzeko plan partziala aldatzea, zinea araudira egokitu eta eserlekuak berritzea, Larretxoko irisgarritasun plana, San Joseko etxebizitzetan igogailuak ipini ahal izateko azterketak eta Estaziorako pasoa hiritartzea aipatu ditu Ostolazak. 

Bestetik, "auzotarrentzat beharrezkoak" diren hainbat lan burutuko direla aurreikusi dute. Arlo horretan, Artadi eta Oikiako saneamendua egitea, Oikiako eta Aita Mariko eskoletarako patio berriak eraikitzea eta Amaia plazako haur parkeko lurra konpontzea eta mobiliarioa aldatzea izango dira inbertsio nagusiak. "Aspalditik egin gabe utzita zeuden berrikuntzak" izango dira Udal Gobernuak gauzatu nahi dituen beste lan batzuk. Behar berriei erantzuteko, beharrezkotzat jo dute udaltzaingoaren eraikina berritzea, Santiago hondartzako zerbitzuetako eraikina egiteko lanak martxan jartzea eta Brankan eta Odietan apartamentu tutelatu eta emergentziazko etxe berriak prestatzea.

"Egungo ereduaren alternatiba" eraikitzera bidean, herritarren bizitzak "bizigarriak" izan daitezen neurriak hartzea izango da lehentasuna

"Egungo ereduaren alternatiba" eraikitzera bidean, herritarren bizitzak "bizigarriak" izan daitezen neurriak hartzea izango da lehentasuna. Arlo honetan apustu berezia egingo dute, eta hiru proiektu azaldu dituzte: alde batetik, alokairua sustatzeko politiketara bideratutako diru kopurua ia hirukoiztu egin nahi dute.Alokairua sustatzeko 100.000 euro bideratu nahi dituzte. Alokairurako laguntza adin guztietara zabaltzeaz gain, etxebizitza hutsekin eta behe-solairuekin azterketa bat egitea ere aurreikusi dute, egokitu eta alokairura bideratu ahal izateko. Horren jarraipena egitea eta etxe hutsak ASAP programara bideratzea da asmoa, horretarako pertsona bat kontratatuta.

Bestetik, Gizarte Larrialdietako Laguntzetara 50.000 euroko diru-partida bideratu nahi dute. Pentsiodunen kolektiboaren aldarrikapenei bide eman nahi diete inbertsio horren bitartez: 1080 eurotik beherako pentsioa jasotzen duten eta pobrezia arriskuan dauden zumaiarrentzako laguntza aukera berri bat martxan jarri nahi da. Pentsiodunen ordezkariek Udal Gobernuari eskatutako kopurua -aurrekontu osoaren %1a beren eskakizunetara bideratzea- bete nahi dute era horretan. 

Azkenik, tokiko garapen ekonomikoaren esparruan enplegu politikak bultzatzeko 266.231 bideratuko dituzte. Mankomunitatera bideratzen da kopuru hau, garapen agentzira. Enplegu politikez gain enpresa sustapenerako

Kulturaren arloan, Zumaia "herri bizia" izan dadin, arlo horretako aurrekontua %12,92 igotzea aurreikusi dute. Komentuko Kultura Topagunea aipatu dute: "Proiektua martxan jarriko da musika, dantza eta antzerkiaren inguruko eragileekin egingo dugun parte hartze prozesu batekin". Lehentasunezko proiektutzat hartu dute, "kultur arloari ez ezik, Alde Zaharrari emango dion bizitzagatik". 

Txiribuelta 0-6 urte bitarteko haurrak eta beren gurasoak biltzen dituen elkartearen eskaerei erantzutea nabarmendu dute hezkuntzan. Bestetik, hezkuntza komunitateko kide eta elkarte desberdinekin landu nahi dute gaia, besteak beste, Haurreskolaren berrantolaketa zehazteko. 

"Kirol praktika eta ohitura osasuntsuak sustatzea" izango da Udal Gobernuaren beste zereginetako bat. Guztira, 572.000 euro bideratu nahi dituzte arlo honetara. Kirol-probak eta elkarteak sustatzeaz gain, itsas-kiroldegian eta Lubaki kiroldegian inbertsioak egingo dituzte. 

Proiektu nagusiez gain, zeharka landuko dituzten politiken berri ere eman dute. Ikuspegi feminista izango da horietako bat: gaia modu transbertsalean lantzeko ahalegin berezia egingo dute. Bestetik, genero identitatea eta sexu aniztasunari buruzko lan lerroa zabaltzea da asmoa, Alberdik aipatu duenez. 

Euskararen arloan, Baleike eta Urola Kostako Hitza barnebiltzen dituen komunikabide proiektu berriarentzako diru-laguntzak aipatu dituzte. Horrez gain, euskara normalizatzeko planaren aurrekontua ere igoko dute.

Jatorri aniztasunari dagokionean, Zumaiako biztanleen datuak eguneratuko dituzte. Harrera protokoloa ere idatzi nahi dute. "Aurreko urteetako aurrekontuan lerro hauek aurreikusten baziren ere, orain artean ez da gauzatu, eta martxan jartzeko konpromisoa agertu nahi dugu", azaldu dute. 

Ingurumena eta energiaren arloan, Urola itsasadarra garatzeko partida sortu dute. Horrez gain, Zumaiako energia estrategiaren diagnostiko teknikoa egiten hasi direla ere iragari dute, trantsizio energetikoan aurrerapausoak emateko asmotan. 

Publifikazioa da zeharka landu nahi duten beste gaietako bat. Ahalik eta zerbitzu gehien eremu publikoan kokatu nahi dituzte, azpikontratazioa murriztuz. Herritarren beharrei erantzuteko, lanpostu berriak sortzea aurreikusi dute: bi udaltzain postu berri eta brigadan bi lanpostu berri.