Esti Curielek '35 huts' antzezlana aurkeztuko du gaur, Azpeitian

Baleike 2019ko aza. 21a, 17:06
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Aktore zumaiarrak Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Kultur Mahaiak banatzen dituen Sorkuntza Beka eskuratu du. Gaur aurkeztuko du antzezlana Sortzaile Berrien Zikloan, Euskal Antzerki Topaketen barruan. 

Gai sakonak landu ditu Esti Curiel aktore zumaiarrak 35 huts antzezlanean. Amatasuna, denbora eta familia izan ditu oinarri bere lana sortzerako orduan, baina gai sakonak izanagatik, umorea izan du ardatz. Pertsonaia nagusiak 35 urte beteko ditu hurrengo egunean, eta familiatik jaso duen oinordetzaren eta maldizioaren beldur da. Miren Gojenola zuzendariarekin batera egindako inprobisazio batzuetatik abiatu zuen antzezlana, eta Aitziber Garmendiak idatzi du testua. 

Antzezlana 20:00etan izango da, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Ondoren, mokadutxoak jan bitartean antzezlanari buruz solasteko aukera izango dute bertaratzen direnek.