Xixili Egunaren aitzakian, ekitaldi ugari izango da aste honetan

Baleike 2019ko aza. 18a, 15:00
Zumaiako Udal Musika Bandaren irudia, iaz, Xixili Egunean. (Argazkia: Baleike.eus)

Egitarau zabala antolatu du Zumaiako Udalak herriko eragileekin elkarlanean, musikaren eta musikazaleen eguna ospatzeko. Entzunaldiak, kontzertuak eta kalejirak izango dira, besteak beste. 

Musikaren eta musikazaleen Xixili Eguna ospatzeko, askotariko egitaraua antolatu du Zumaiako Udalak musikarekin lotutako eragileekin elkarlanean. Bihar, azaroak 19, izango da lehen ekitaldia: Komentuan Musika Eskolako kideek entzunaldia eskainiko dute, 19:00etan hasita. 

Ostegunean ere Musika Eskolako kideak herriko kaleak girotuko dituzte 18:30etik aurrera, ZUMB Zumaiako Udal Musika Bandarekin batera egingo duten kalejiran. 

OCP & Slam eta ZUMB elkarrekin arituko dira ostiralean, Xixili Egunean. Hain zuzen ere, kontzertua eskainiko dute elkarrekin Kofradian, 19:00etik aurrera. 

Larunbatean, aldiz, San Pedro eta Luberri abesbatzen txanda izango da. Komentuan izango da kontzertua, 19:00etan hasita. 

Igandean amaituko dira Xixili Egunarekin lotutako ekitaldiak. Udal txistulari bandarekin kalejira egingo dute lehenbizi, 10:00etan. Ondoren, 12:30ean, Itziarko parrokian izango dira Beheko Plaza abesbatzako kideak, meza nagusian.