Igogailuak jartzeko diru-laguntzen deialdia egin dute

Baleike 2019ko aza. 18a, 10:39
Argazkia: Zumaiako Udala.

Azaroaren 29ra arte aurkez daitezke eskaerak, Udaleko erregistro orokorrean. Aurten igogailuak jartzeko udal baimena eskuratu dutenek egin dezakete eskaera.

Aurten igogailuak jartzeko udal baimena eskuratu dutenek diru-laguntzak eskatzeko deialdia egin du Zumaiako Udalak. Bi solairu edo gehiago dauzkaten eraikinetan igogailuak jartzeko laguntza ematea da helburua, beti ere eraikinen erabilera nagusia etxebizitza izatea denean. 
 
Igogailuak aldatzeko lanak, igogailuak jartzeko lanak familia bakarreko edo bi familiako etxebizitzetan eta promotore eta kontratistek egindako etxebizitza berrietako eraikinetan igogailuak jartzeko jarduerak deidaldi honetatik kanpo geratzen dira. Aldiz, diru-laguntza jaso ahal izango dute aurrez igogailua izanda ere irisgarritasun baldintzak hobetzeko helburua dutenek (igogailua 0 kotaraino eramateko egiten diren lanetan). 
 

Diru-laguntza bakoitzak ezin izango du aurrekotnu babesgarriaren %20a gainditu (BEZ barne), ezta 6.000 euroko kopurua ere, eta ez du zerikusirik jaso daitezkeen bestelako laguntzekin. 

Eskaerak eta dokumentuak
Zumaiako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira eskaerak, azaroaren 29rako 15:00ak baino lehen. Dokumentu hauek eraman beharko dituzte eherritarrek: eskatzailearen datuak, diru-laguntza zein obretara bideratuko den argitzen duen dokumentua eta baimen eskearen kopia edo emandako baimenaren akordioaren kopia.