Urtarrilaren 7ra arte trukerako espazioa egongo da Kofradian

Baleike 2019ko aza. 17a, 17:08

Errefuxiatuen Harrera Taldea eta Eskubide Sozialen Kartako kideak arduratuko dira Trukegunea kudeatzeaz. Kutxa Ekogunearen egitasmoa da, eta Gipuzkoako hamar udalerrirekin elkarlanean aritu da, tartean Zumaiarekin.

Kutxa Ekoguneak lau urte daramatza trukerako gunea eskaintzen Gabonen bueltan, eta aurten erabaki du herrietara zabaltzea egitasmoa. Hamar udalerrik egin dute bat proposamenarekin, tartean Zumaiak. Hala, atzotik martxan da Trukegunea Kofradian. Izan ere, azaroaren 16tik 24ra Europako hondakinen murrizketa astea ospatzen da, eta egitasmoa abiatzeko data egokia iruditu zaie arduradunei.

Trukerako espazio hori Errefuxiatuen Harrera Taldeak eta Eskubide Sozialen Kartako kideek kudeatuko dute, eta zenbait arau bete beharko dira parte hartzeko. Dena den, objektuak era librean utzi eta jaso ahalko dira; debalde izango dira. Gainera, objekturen bat hartzeko ez da beharrezkoa izango beste bat uztea trukean.

Alex Oliden Tokiko Garapenerako zinegotziak ohar bidez azaldu du Trukegunea espazio publikoan jartzea erabaki dutela, herritarrengan konfiantza dutelako. Kontsumo ohitura jasangarriak sustatzea da egitasmoaren helburua, eta Olidenek gaineratu duenez, "eragin handi bat sor dezakeen hausnarketa txiki bat egiteko gonbita izan nahi du". Objektuei erabilpen berria emateaz gain, "herritarren parte hartzea eta autogestioa bultzatzea eta jabetza kolektiboa sustatzea" da Zumaiako Udalaren asmoa.

Udalak Trukegunea urte osora zabaltzeko aukera aztertuko duela adierazi du Olidenek, eta aurreratu du abenduan kontsumo jasangarriari buruzko hitzaldi bat antolatuko dutela.

Arauak

  • Trukegunetik zerbait hartu ahal izateko, ez da beharrezkoa izango zerbait uztea bertan
  • Aldi berean ezingo dira 10 objektu baino gehiago utzi trukegunean
  • Ez da kaxa edo poltsarik onartuko, ekarritakoa baldatan utzi beharko da
  • Materiala gehienez 15 egunez egongo da trukatzeko moduan; ondoren, materiala erretiratu egingo da eta beste erabilera bat emango zaio
  • Objektuak egoera onean utzi beharko dira trukegunean

Materiala

Zer truka daiteke?

  • Liburuak eta musika CD originalak
  • Etxetresna elektroniko txikiak
  • Elektronika: sakelako telefonoak, irratiak, mp3-ak, telebista...
  • Brikolaje-produktuak
  • Kirol eta aisialdi produktuak
  • Musika tresnak
  • Jostailuak

Zer ezin da trukatu?

  • Arropa, janaria eta produktu sanitario edo higienikoak
  • Ordenatu gabeko poltsa edo kaxetan dauden objektuak edo espazioan sartzen ez direnak
  • Egoera kaskarrean dauden objektuak