Euskarari puska goxo-goxoa

Baleike 2019ko aza. 16a, 18:19

Errigora saskiak erosteko aukera dago azaroaren 20ra arte: Zumaian hiru gunetan egin daiteke eskaera Nafarroako hegoaldeko produktuak jasotzeko; Internetez ere badago aukera. Diruaren laurdena hango euskalgintzari laguntzeko izango da. 

Jakina da Nafarroa hegoaldeko barazki eta lekaleak kalitate handikoak direla. Horiek bertako beste hainbat produkturekin elkartu, saskietan sartu, eta Errigora proiektua sortu zuten 2013an hainbat eragileren artean. 

Ordutik milaka herritarren sabelak goxatu dituzte, eta era berean, baita beste bi helbururi lagundu ere: bertako ekoizpena sustatzea eta euskarari bultzada ematea. Izan ere, Errigora saskiak eskatuta, horien balioaren laurdena Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarentzat izaten da. Arduradunek emandako datuen arabera, ia milioi bat euro bideratu dituzte jada euskara laguntzera.


Hiru motatako saskiak

Kanpaina martxan da, eta hilaren 20ra arte eska daitezke saskiak Urola Kostako 22 gunetan. Zumaiari dagokionez, Inpernupe tabernan, Ilargi tabernan eta Agurtzane okindegian izango da horretarako aukera. Eskaera Internetez ere egin daiteke.

Aurtengo kanpainarako hiru saski mota prestatu dituzte: Saski Beltza (betikoa), Saski Berdea (ekologikoa) eta Saski Zuria (berezia). 50 euro balio du aurrenekoak, 60 euro bigarrenak, eta 70, berriz, hirugarrenak.